Azteazkena, 2019(e)ko Maiatzaren 15a 14:21

Erakusketak, lantegiak, bisita gidatuak eta musika Artiumen, Museoen Nazioarteko Eguna ospatzeko

Musika-emanaldi berezi batean, Oreka TX taldeak bidaia bat eskainiko digu txalapartaren tradizioaren hasieratik haren bertsiorik gaurkotueneraino. Azken aukera izango da, baita ere, Jacobo Castellanoren riflepistolacañon ikusteko. Datorren larunbat-igandean, hilak 18a eta 19an, Museoak Zuk nahi duzuna tarifa aplikatuko du.

Artiumek, Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak, ekintza-programa zabala prestatu du datorren astebururako, bertara hurbiltzen diren bisitariekin Museoen Nazioarteko Eguna ospatzeko. Familientzako lantegiak, adinekoentzako beste bat barruko plazako lorategian, bisita gidatuak, erakusketak eta Oreka TX taldearen musika-ekitaldia, horra Museoaren agenda maiatzaren 18-19rako. Egun horietan, museoek kultur ardatz gisa duten garrantzia ospatzeko, Artiumek Zuk nahi duzuna tarifa aplikatuko du.

Programa osoa ikusi  Liburuxka jaitsi  www.orekatx.eus  ICOM  

Nazio Batuen Museoen Nazioarteko Kontseiluak (ICOM), UNESCOrekin eta NBErekin lotuta dagoenak, honako lelo hau hautatu du 2019ko Museoen Nazioarteko Eguna ospatzeko: «Museoak kultur ardatz gisa: tradizioaren etorkizuna». Horregatik, besteak beste, Artiumen programako ekitaldi nagusia, aurtengo Museoen Eguna ospatzeko, Oreka TX taldearen emanaldia izango da, euskal kulturan hain errotuta dagoen instrumentu bat hartuta ―txalaparta, hain zuzen― eguneratzea eta esperimentatzea sustatu duen talde batena, hain zuzen. 2001ean, bere lehen lana (Quercus Endorphina) argitaratu zuenetik, taldeak etengabe ikertu eta zabaldu ditu txalapartaren aukera adierazkorrak, zuraz bestelako materialak ere erabiliz, hala nola harria eta izotza. Bere lan bikainaren taularatze ikusgarria dela eta, taldeak artista askorekin lan egiteko aukera izan du, hala nola Pat Metheny, Phil Cunningham, Kepa Junkera eta Alasdair Fraisier musikariekin edo Nacho Duato koreografoarekin.

Oreka TX taldeak ohikoaz bestelako programa bat prestatu du Artiumeko emanaldirako: «topaketa» deitu diote saioari. Harkaitz Martínez de San Vicente eta Mikel Ugarte txalapartariak (zurezko, harrizko eta banbuzko txalaparta-jotzaileak), Juanjo Otxandorena bouzouki-jotzailea (Greziako soka instrumentu tradizional bat da bouzoukia) eta Thierry Biscary (ahotsak eta danborra) kide dituela, Oreka TX taldea 2019ko Museoen Egunerako hautatako lelora ―tradizioen etorkizuna― hurbiltzen saiatuko da, jatorri ilun samarra duen eta egungo bertsioan bere posibilitate adierazkorrak biderkatu dituen instrumentu horren bilakaera erakusteko jendeari.

Oreka TX taldearekiko «topaketa» datorren larunbatean, hilak 18an, izango da, arratsaldeko zazpietatik aurrera. Egun horretako agenda goizeko 11:30etan hasiko da, adinekoei, Museoaren inguruan bizi direnei bereziki, zuzendutako lantegi batekin. Artiumen ingurumarietan bizi diren herritar askok harremana sortu dute azkeneko hilabeteotan hiri-lorategiarekin, Museoak joan den udan estreinatu zuenetik. Ez da arraroa auzokideak lorategiko jardineren artean paseatzen ikustea, museoaren barruko plazako birika berde txiki horretan atsegin hartzen, bertan aurki daitezkeen barazkiez, belar usaintsuez eta askotariko loreez gozatzen.

Zatoz eta esaguzu izena eman zaion lantegi horretan, eta Hezkuntzaren arduradun Charo Garaigortaren eskutik, adineko pertsonek baratze eta lorategien zaintzaz duten ezagutzan sakonduko dugu, lorategia hobeto mantentzeko ikasteko, batetik, eta, ahal bada, artearen munduarekin loturak egiteko, bestetik.

Bestalde, Museoen Egunaren asteburu horretan Artiumera hurbiltzen diren familiek askotariko aukerak izango dituzte. Adibidez, larunbatean, goizeko 11:30etatik aurrera, Zientzia Fikzioa izeneko lantegi bat eskainiko da, denentzat irekia. Jadanik erabiltzen ez diren objektuak berrerabiltzeko ideian oinarri hartuta, lantegiko parte-hartzaileek zenbat material eraldatuko dituzte, etorkizuneko fikzio utopiko edo distopiko batean erabilgarri izango den zerbait bihurtzeko. Larunbatean bertan, arratsaldeko 17:00etatik aurrera, familiek beste lantegi batean parte hartzeko aukera izango dute: Gorputza, espazioa eta denbora. Jarduera horretan, mugimenduak, espazioak eta denborak esperientzia performatibo bati emango diote bide.

Igande goizean, Good morning Artium! eta Artium txikia lantegiek (12:00etan eta 12:15etan, hurrenez hurren) proposamen berriak eskainiko dizkiete Museora hurbiltzen diren familiei. Horietako lehenean (6-11 urte bitarteko gazteentzat, heldu bat lagun dutela), parte-hartzaileak artelanen sortze-prozesuan murgilduko dira jokoaren eta irudimenaren bidez, eta, gainera, ingelesa praktikatzeko aukera izango dute. Bigarrenean (3-5 urte bitarteko haurrentzat), haurrek instalazio artistiko baten sorkuntzan hartuko dute parte, jolasaren eta inguruarekiko elkarreraginaren bidez.

Bai larunbatean, bai igandean, bisitariek Artium osorik bisita gidatuetan parte hartu ahalko dute, goizeko 12:30etan eta arratsaldeko 18:30etan. Bisita hauetan ibilbide bat egitea proposatzen da Museoaren historian, arkitekturan eta erakusketetan zehar. Erakusketei dagokienez, bisitariek honako bi hauek ezagutzeko aukera izango dute, gida espezializatu baten eskutik: Oroi. Queda mucho pasado por delante, Artium Bildumakoa; eta riflespistolacañon, Artiumen azken asteburua duen Jacobo Castellano artistarena.

Museoen Nazioarteko Egunean Artium bisitatzera etortzen direnei eta egun horretarako programatuko jarduera guztietan parte hartzen dutenei Zuk nahi duzuna tarifa aplikatuko zaie, hau da, bisitari bakoitzak erabakiko du zenbat ordaindu nahi duen edo dezakeen. Museoa 11:00etatik 20:00etara egongo da zabalik, etengabe. Denbora-bitarte horretan, WIFIrako sarbidea doakoa izango da bisitarientzat. Lantegi eta bisitetako batzuek toki mugatua dute. Beraz, erreserba egitea gomendatzen dugu, telefono honetara deituta: 945 20 90 20.

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand