Ostirala, 2019(e)ko Maiatzaren 03a 13:33

Fernando Sinaga eskultorea, Museoen Nazioarteko Eguna eta poesia Artiumen maiatzerako jarduera-programan

Museoen Egunean, «tradizioen etorkizuna» goiburupean, topaketa berezi bat izango da Oreka TX-en txalapartarekin. Fernando Sinagak, Oroi erakusketan ikusgai dagoenak, bere proiektu artistikoei buruz hitz egingo du jendearekin. Ana Rossetti Artium-en, Poetak maiatzean Nazioarteko Poesia Jaialdiaren barruan

Fernando Sinaga eskultorea, Oreka TX, txalapartaren tradizioa berritu duen taldea, eta Ana Rossetti idazlea dira Artium Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoaren jarduera-agendan maiatz honetan agertuko diren izenetako batzuk. Aragoiar artistak, azken hamarkadetan espainiar eskulturaren ordezkari gorenetako batek, Artistak gurean programan parte hartuko du. Musikariak, berriz, Museoen Nazioarteko Eguna ospatzeko arabar Museoak prestatu duen programaren parte dira. Idazleak, azkenik, aurten ere Artiumen laguntza izango duen Poetak maiatzean jaialdian parte hartuko du. Zinemak, familientzako, gazteentzako eta helduentzako jarduerek eta, jakina, erakusketek osatuko dute hil honetan Museoaren askotariko eskaintza.

«Museoak kulturaren ardatz: tradizioen etorkizuna», horra Museoen Nazioarteko Kontseiluak (ICOM), Nazio Batuen UNESCOrekin eta NBErekin lotutako erakundeak 2019ko Museoen Nazioarteko Eguna ospatzeko ezarri duen goiburua. Ospakizun hori dela eta, Artiumek jarduera-programa bat antolatu du hilaren 18rako, larunbata, eta 19rako, igandea, familientzako eta adineko pertsonentzako lantegiak eta erakusketen bisita gidatuak barne, Oreka TX txalaparta-taldearekiko topaketa berezi batekin amaituko dena. Harkaitz Martínez de San Vicente eta Mikel Ugarte txalapartariek (Juanjo Otxandorenarekin eta Thierry Biscary-rekin) emanaldi brezi bat emango dute, euskal tresna tradizional horren iragana eta etorkizuna lotuz. Lan handia egin dute biek ala biek hura modernizatzen eta zabaltzen.

Museoaren Nazioarteko Eguna baino egun batzuk lehenago, maiatzaren 16an, osteguna, 19:00etan, Fernando Sinaga (Zaragoza, 1951) eskultoreak Artistak gurean programaren edizio berri batean parte hartuko du. Bilduman artelanen bat duten artisten jendearekiko harreman zuzenaren bidez, eta EDP Fundazioaren laguntzarekin, Museoak arte garaikidearen interpretazioa eta ezagutza bultzatzen ditu. Sinaga espainiar eskulturaren irudi nagusietako bat da, bi mendeen artean. Trayecto Galeriarekin duen harreman estuagatik Vitoria-Gasteizekin lotua, Artium Bildumaren Oroi erakusketan La estructura de la memoria izeneko artelan bat dauka, 1987koa. Artelan hori abiapuntu harturik, Fernando Sinagak azalduko du nola ulertzen duen sorkuntza eta nola pentsatzen eta garatzen dituen bere proiektu artistikoak.

Familientzako jarduerek ere toki garrantzitsua izango dute Artiumen programan maiatzean. Igandeetako Artium txikia eta Good Morning Artium! programez gainera —hil honetan oso gai desberdinei eskainiak, esate baterako stop-motion bidezko animazioari, arte-instalazioei, serendipiari artean edota norbere nortasunari—, Museoak lantegi berezi bat prestatu du maiatzaren 18rako, larunbata, gorputzari eta mugimenduari buruz. Bestalde, 18 urtera bitarteko gazteek musika elektronikoarekin esperimentatu ahal izango dute maiatzaren 11ra arte, larunbata, Antton Goikoetxearen eskutik, eta helduenek, berriz, ikasteko eta loregintzari eta baratzezaintzari buruz dakitena partekatzeko aukera izango dute Artiumen lorategian maiatzaren 26an, igande goizean.

Literatura eta zinema
Aurten ere Poetak maiatzean, Nazioarteko Poesia Jaialdia-ren jardueretan parte hartuko du Museoak, maiatzaren 24an, ostirala, Ana Rossetti-ren eskutik. Cadiztar idazleak, XX mendearen amaierako eta XXI.eko espainiar poesiaren ahots garrantzitsuenetako batek 1980an bere burua ezagutarazi zuen liburuaren (Los devaneos de Erato) zatiak irakurri eta iruzkinduko ditu Artiumen

Bestalde, maiatzaren 30ean, osteguna, Concha Rubio-k bere irakurle klubaren beste saio bat zuzenduko du, oraingo honetan Cristina Moralesen Lectura fácil liburuari eskainia. «Gizarte garaikidearen erretratu erraietako, sutsu, borrokalari eta feminista» gisa deskribatu da nobela hori. Artiumen irakurle klubaren parte-hartzaileek komentatu eta, ondoren, Museoan ikusgai dauden artelanetako batzuekin lotu ahal izango dute.

Azkenik, zinemari dagokionez, Zinema eta arte garaikidea adinekoentzako delakoaren saio bat antolatu du Artiumek maiatzaren 7rako. Bertan, Gustav Deutsch austriar zuzendari eta artistaren Shirley: visiones de una realidad pelikula proiektatuko da. Edward Hopper estatubatuarraren margolan batzuetatik abiatuta sortutako eszena segida bat da pelikula, haren estilo estetiko berbera erabiliz eta guztiaren atzean bakardadearen gaia dagoela. Pelikula ikusi ondoren, parte-hartzaileek solasean jarraitu ahal izango dute Museoan ikusgai dauden artelan batzuen aurrean .

Gainera, maiatzaren 28tik aurrera, asteartea, Thierry Peretti-ren pelikula bat, Une vie violente, proiektatu eta komentatuko da CinémArtium programaren barruan. Artiumek eta Institut Français-ek eskaintzen dute elkarrekin frantsesez aritzeko eta hizkuntza horren ezagutza sakontzeko interesa dutenentzat. Azkenik, Museoaren Liburutegiak Mi noche con Maud pelikulari eta haren zuzendari Eric Rohmer-i buruzko dokumentazio zabala kontsultatzeko aukera eskaintzen du. Gainera, nahi duenak pelikula ikus dezake Liburutegian horretarako egokituta dauden pantailetako batean.  

Agenda osoa  

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand