Ostirala, 2019(e)ko Apirilaren 12a 14:31

Artiumek Argitalpen-proiektuak eta artista-liburuak erakusketa aurkeztu du Liburuen Nazioarteko Eguna dela-eta

Artistek garatutako edizio eta liburu sorta bat biltzen du erakusketak, guztiak Artiumeko Liburutegiaren funtsekoak. Cristina Iglesias, Dora García, Isidoro Valcárcel Medina, Elena Aitzkoa eta Irene Kopelman, erakusketan ikusgai dauden egileen artean

Artium Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak Argitalpen-proiektuak eta artista-liburuak erakusketa aurkeztu du, artista garaikide ezagunek garatu edo sustatutako argitalpen berezien sorta bat, Artiumen Liburutegiko katalogokoak. Ate-liburu edota arteari buruzko liburu izateaz gainera, argitalpen horiek hizkuntza berrien eta arte garaikidearentzako gogoeta gune berrien eredu dira. Erakusketako egileen artean daude Cristina Iglesias, Dora García, Isidoro Valcárcel Medina eta Irene Kopelman. Liburuen Nazioarteko Eguna ospatzeko Artiumen egingo diren ekintzetako bat izango da erakusketaren irekiera. Artiumek ekoitzi du Argitalpen-proiektuak eta artista-liburuak.

Artisten lanen hurbilketa berriak eta haiek interpretatzeko eta haien esanahia zabaltzeko beste bide batzuk proposatzen dituzten argitalpen-proiektu askoren adibidea eskaintzen da Argitalpen-proiektuak eta artista-liburuak erakusketan. Objektu, liburu eta artista ospetsuek bultzatutako edizio sorta bat da, Artiumeko Liburutegiaren katalogoan daudenak eta, gehien batean, irakurgelan irakurri eta kontsulta daitezkeenak.

Erakusketako ale berezienetako bat Mar de Cortés izango da, agian, Cristina Iglesias eskultoreak Estancias sumergidas-erako egindako marrazki zirriborroak biltzen dituen artista-koadernoa. Murgildutako esku-hartze eskultoriko horrekin, Mexikoko Espíritu Santo hartea babesteko ingurugiro-proiektu batean parte hartu zuen Iglesiasek  zientzialari eta ekintzaile kontserbatzionistekin batera, Kaliforniako golkoan. Eskultore horren beraren Tres aguas liburua ere erakusketan dago, mapa, argazki eta testuen bidez Toledon burututako izen bereko proiektua jasotzen duena.

Dora García, bestalde, argitalpen-jarduera bizia duen artista bat da. Batzuetan, argitalpenak proiektu zabalagoen parte dira, baina beste batzuetan, berriz, sorkuntza-proposamen beregainak. Erakusketan ekoizpen horien lagin zabal bat bildu da, esate baterako Forever —non aztertzen baitu, besteak beste erakundearen eta artistaren arteko harremana—, edota Twice Told Tales —prentsako albisteetan oinarrituta idatzitako kontakizun labur-laburrak—, edota Steal This Book, Abbie Hoffmann-en sistemaren aurkako eskuliburu ezagunean inspiratua.  

Isidoro Valcárcel Medina artistaren zenbait proiektu aurkeztu dira, orobat. Horien artean aipatzekoak dira Ley del arte (Ley reguladora del ejercicio, disfrute y comercialización del arte)-ren testua —sarkasmoz betetako ehun bat artikuludun lege-proiektua, artistak 1990eko hamarkadan Kongresuan aurkeztua eta atzera bota zena— eta Diccionario personal de la lengua española, non bere erara biltzen eta berrantolatzen baititu hiztegi ofizialean dauden hitzak, beste batzuk sartzeaz gainera, esate baterako Murtziako dialektokoak.

Zabala da Irene Kopelman argentinarraren liburu-sorta ere. Zientziaren esparruarekin lotuta daude eta, besteak beste, zientziaren eta artearen metodoen arteko antzak eta desberdintasunak nabarmentzen dituzte. Notas sobre la representación izeneko sailean hainbat erakunde zientifikorekin elkarlanean, besteak beste, Antartidara, Perura, Panamara, Alpeetara eta Argentinara egindako espedizioetan ondutako testuak, marrazkiak eta urmargoak daude jasota, zenbait aletan.

Argitalpen-plataformak
Edizio ugari sortu dira artistek bultzatutako argitalpen-plataformetatik. Hala gertatu da, esate baterako, Alias izeneko proiektuarekin. Haren baitan, inoiz aurretik itzuli ez diren edota deskatalogatuta dauden eta arte garaikidean ereduzkotzat jotzen diren testuak argitaratzen dira gaztelaniaz. Aurkeztutako liburuen artean daude, besteak beste, Pierre Cabanne-ren Conversando con Marcel Duchamp eta Jimmie Durham. Entre el mueble y el inmueble (Entre una roca y un lugar sólido), artista iparramerikarrak Berlinen egin zuen erakusketa baten inguruan argitaratutako testua.

Bestalde, Lalavandera Elena Aitzkoak eta Raúl Domínguezek 2013an sortutako argitalpen-proiektua da. Bertan argitaratu dira La revolución de las extremidades, Aitzkoaren bi poema, Libro de verano, Domínguezen argazkiekin, Arkaeology, Estanis Comellaren marrazkiekin, eta Zarata Fest Book, Elena Aitzkoak diseinatua.

Azkenik, Tractora izeneko artista-kooperatibak editorial –zko argitaletxea sortu zuen 2018an, artearen eta ezagutzaren beste diziplina batzuen artean —bereziki antropologian— garatzen diren lanak argitaratu eta banatzeko. Hala, haren funtsen artean aurkitzen dira: Geldi 2011-2017. Descensos de goitibeheras, Usue Arrieta eta Vicente Vázquez-ena; Baporak. La flota vasca en el Océano Índico, Mikel Eskauriazaren argazkiekin; eta Soineko Paisaia/Dorsal Landscape, Nader Koochaki-rena, artzaintzak Gipuzkoako soinu-paisaian duen eraginari buruzko testuak, soinuak eta katalogazio-lana biltzen dituena.

Argitalpen-proiektuak eta artista-liburuak
Erakusketa bibliografikoa. Mintegi aretoa (Liburutegia)
Irekiera: apirilaren 12an, ostirala, 11:45ean
Liburuen Nazioarteko Egunaren inguruko beste jarduera batzuk:
Apirilaren 12an, ostirala

  • Arteari eta kulturari buruzko testuen irakurraldi jarraitua, 12:00etatik aurrera
  • Ustekabeko liburuen mailegua Liburutegian
  • Bookcrossing
  • Anari-ren kontzertua

Liburuen Egunaren programa Artiumen

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand