Azteazkena, 2019(e)ko Apirilaren 03a 13:53

Arteari buruzko irakurraldiak eta Anariren kontzertua Artiumen Liburuen Nazioarteko Eguna ospatzeko

Artista garaikideen argitalpen-proiektuei eskainitako liburu-erakusketa bat zabalduko da Museoan. Korrika Kulturalak eta Arte Eszenikoen Lantegiak parte hartuko dute jendaurreko irakurraldietan. Hirurogei museo eta kulturune baino gehiago batu zaio aurten Artiumen bookcrossing ekimenari.

Artium Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak herritar guztiak gonbidatzen ditu aurten ere Liburuen Nazioarteko Eguna artearekin eta kulturarekin lotutako testuen jendaurreko irakurraldi jarraitu batekin ospatzera. Apirilaren 12an izango da, ostirala, 12:00etatik aurrera. Gainera, Museoak zenbait jarduera programatu ditu egun horretarako, hala nola Argitalpen-proiektuak eta artista-liburuak izeneko liburu-erakusketa, «ezusteko liburuen» mailegua Liburutegian, liburuak askatzeko kanpaina bat eta, amaiera gisa, Anariren kontzertu bat. Museoak aurreratu egin du Liburuen Egunaren ospakizuna, 23a Aste Santuko oporra izango delako.   

Liburuen Nazioarteko Egunaren ospakizuna apirilaren 12ko 12:00etan hasiko da Artiumen, ostiralean, arte eta kultura garaikideekin lotutako testuen jendaurreko irakurraldiari hasiera emanez. Aurten Taller de Artes Escénicas-en, Arabako Bertsozale Elkartearen eta Korrika Kulturala ekimenaren laguntza izango du Artiumek. Artiumen eta Korrika Kulturalaren arteko lankidetza Txillardegiren testuen irakurketan mamituko da. Izan ere, Korrikaren 21. edizioan idazle hori omenduko da, euskara batuaren sorreran izan zuen garrantziagatik, haren sorreraren 50. urteurrena betetzen den honetan.

Lankidetza berezi horiez gainera, irakurtzeko esperientziaren parte izan nahi duten pertsona guztien elkargune bihurtu nahi dira saio horiek. Parte hartu nahi izanez gero, Museoko Liburutegiak hautatutako testuen artetik bat erabil daiteke, edota norberak bere gogokoa ekar dezake, ahal dela artearen eta liburuekin munduekin lotua. Parte hartzeko komenigarria da bost minutu inguruko txanda bat aukeratzea 12:00ak eta 19:00ak bitartean, biblioteca@artium.org-era mezu elektroniko bat bidali eta harremanetarako telefonoa eta ordutegiari buruzko lehentasunak adieraziz.

Aldi berean, irakurraldiak hastean zabalik geratuko da Argitalpen-proiektuak eta artista-liburuak erakusketa (Mintegi aretoan, Artiumen Liburutegiaren ondoan). Artista garaikide ezagunen argitalpen-proiektuekin lotutako eta duela gutxi erositako funts bibliografikoen sorta bat bildu da erakusketan, Dora García, Irene Kopelman, Damián Ortega eta Isidoro Valcárcel-Medina artistenak, besteak beste.

Anariren kontzertua eta gehiago
2019ko Liburuen Nazioarteko Eguna ospatzeko Artiumen jarduera-programa 20:00etan amaituko da Anariren kontzertu batekin. Kantari eta musikagile horrek oso hurbilketa pertsonala egingo dio literaturaren eta musikaren arteko loturari, bere abestien iturri poetikoetan oinarriturik. 1997an bere izena daraman albumarekin hasi zenetik, Anarik bederatzi estudioko eta zuzeneko disko argitaratu ditu eta hainbat bildumatan parte hartu du. Banda osoarekin etorriko da Artiumeko kontzertura (Xabier Olazabal Drake, baxua, Ander Mujika, gitarra, Mariano Hurtado, teklatuak, eta Mikel Txopeitia, bateria).

Eta irakurraldien hasieratik Anariren kontzertura bitartean, Artiumen Liburutegiak «ustekabeko liburuen maileguan» parte hartzera gonbidatzen ditu erabiltzaileak, sorta berezi bat prestatu baitu esperientzia atsegina gerta dadin irakurlearentzat.

Bookcrossing
Liburuen Nazioarteko Egunerako Artiumen programa bookcrossing edo liburuak askatzeko beste kanpaina batekin osatuko da (dagoeneko hamahirugarrena). Apirilaren 12an bertan hasi eta 23ra bitartean luzatuko da, hau da, Liburuen Nazioarteko Egunera arte. Aurten ere, ia hirurogei museo eta arte-zentrok parte hartu dute esperientzia horretan liburutegietan bikoiztuta dauden liburuen zakutik datozen aleekin hiriak gainezka egiteko asmoz. Artiumek hala proposaturik, ehunka liburu askatzea aurreikusten dute parte hartzaileek. Liburuak jasotzen dituztenek irakurri ondoren munduko beste leku batean askatzea da xedea. Eta ekimenaren helburu nagusia, irakurtzeko zaletasuna sustatzea eta museoetako liburutegietan gordeta dagoen ezagutza zabaltzea.

Zehazki, kanpaina honetan arte, argazkigintza eta arkitekturako 50 liburu inguru askatzeko asmoa du Artiumek, behar bezala identifikatu eta erregistratuak, Arabako hainbat tokitan: Unibertsitate-campusean, Vitoria-Gasteizko tranbia-geltokietan, edota lurralde osoko kirol- eta kultura-zentroetan. Beste zentro batzuekiko truke-programatik sortutako bikoiztuen funtsekoak dira liburuak.

Esperientzia horretan parte hartzeko nahikoa da liburu bakoitzaren azalean eta barruko aldean aurkitzen diren eranskailuetako jarraibideei segitzea. «Hiru erreen» arauari jarraituz gero, hots ingelesezko irakurri (Read), erregistratu (Register) eta askatu (Release)-ri, www.bookcrossing–spain.com orrian ikus daiteke liburu bakoitzaren nondik norakoa. Aurreko batzuetan Artiumek «askatutako» liburuak Parisen, Erroman, New Yorken edota Kairon aurkitu dira. (bookcrossing delakoari buruzko argibide gehiago, www.bookcrossing–spain.com gunean).

Liburuen Nazioarteko Eguna 2019 Artiumen
Liburu-erakusketa, arteari buruzko testuen irakurraldia (parte-hartzaileak: TAE eta Korrika Kulturala), bookcrossing, ezusteko liburuen mailegua, Anariren kontzertua...
Apirilaren 12an, ostirala. Artiumen Liburutegian
Argitalpen-proiektuak eta artista-liburuak erakusketa. Irekiera: 12:00etan
Jendaurreko irakurraldia: 12:00etatik 19:30era
«Ezusteko liburuen mailegua» de libros. 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara
Anariren kontzertua. 20:00etan; doako jarduera.

Liburuen Egunaren programa Artiumen

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand