Osteguna, 2019(e)ko Martxoaren 28a 13:32

Hitzaldiak, zinema eta Liburuen Nazioarteko Eguneko programa berezia Artiumen jarduera-agendan apirilean

Abigail Lazkoz artista bere lanaz eta Artium Bildumaren Oroi erakusketan ikusgai dituen artelanez mintzatuko da. Azucena Monge Trantsizio garaian helduentzako komikien boom-ean aitzindari izan ziren emakume komikigileez arituko da. Irakurraldiak, erakusketa bibliografikoa eta Anari-ren kontzertua Liburuen Eguna ospatzeko.

Liburuen Nazioarteko Egunak eta Aste Santuko oporrek markatzen dute Artiumen, Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoaren, kultur jardueren programa apirilean, baina nabarmentzekoak dira bi hitzaldi, bata Abigail Lazkoz artistarena eta bestea Ikus-entzunezko Komunikazioan doktore den Azucena Mongerena. Horien osagarri familientzako eta gazteentzako lantegiak, erakusketen bisita gidatuak eta zenbait zinema-saio.

Artiumek gai oso desberdineko bi hitzaldi programatu ditu datorren apirilerako. Alde batetik, Abigail Lazkozek Artistak gurean programan parte hartuko du (apirilaren 10ean, asteazkena, 19:00etan), zeinaren bidez Bilduman artelanak dituzten artisten eta publikoaren arteko harreman zuzena izateko aukera ematen baitu Museoak. Lazkoz Antianimismo izeneko triptikoaren egilea da, hiri-bilbe konplexuak irudikatzen dituzten formatu handiko marrazkiak. Aurreko saioetan bezala, artistak Museoaren Emanaldi aretoan azalduko du nola ekiten dion sortzeko prozesuari eta ondoren, Hegoa Aretoan izango du jarraipena solasaldiak, haren artelanen aurrean.

Bestalde, Azucena Monge arte-hezitzaile eta Ikus-entzunezko Komunikazioan doktoreak emakume komikigileei buruzko hitzaldi bat emango du (apirilaren 16an, asteartea, 19:00etan). Mariel Soria edota Laura Pérez Vernetti izango ditu aipagai, besteak beste, Trantsizioaren garaian, helduentzako komikien boom betean eta feminismoarekiko konpromisoan oinarriturik eredu tradizionalekin eten eta egungo sortzaileei bidea ireki zietenak.

Familientzako eta gazteentzako lantegiak etengabeko osagaiak dira Artiumen programan, gaiak aldatuz badoaz ere. Hil honetan familientzako FamiliArtium lantegian (apirilaren 6an, larunbata, 17:00etan) arreta berezia eskainiko zaio soinuari; izan ere, parte hartzaileek, beraiek egindako ukipen-mikrofono sinple batzuen bidez, saiakuntzak egingo dituzte hotsekin eta Museoaren hots eta zaraten paisaia marraztuko dute. Bestalde, igandeetan Artium txikia egingo da, 3-5 urte bitarteko haurrentzat, eta Good Morning Artium!, 6-11 urte bitartekoentzat. Horietan familiek irudimena askatzeko aukera izango dute, erakusketetako artelan jakinen inguruan istorioak asmatuz, edota artelanak egiteko zein material erabili diren, eta zein diren bertan bizi diren pertsonaiak.

Aste Santuko oporrak direla-eta, familientzako lantegi berezi batzuk prestatu ditu Artiumek (apirilaren 18tik 22ra). Zer gertatuko ote litzateke baldin eta…? Izenburupean, eguneroko gauzak hartu eta itxura berria eta beste bizitza bat emango dizkiete parte-hartzaileek. Gainera, 18 urtera arteko gazteentzako hileroko lantegian (apirilaren 13an, larunbata) musika eta mugimendua elkartzeko, hots, dantza egiteko, ikusizko eredu sinple batzuk finkatuko dira.

Zinemak ere garrantzi berezia izaten jarraituko du Artiumen programan apirilean. Liburutegiak, Eric Rohmer zinemagile frantsesari eskainitako zikloaren barruan, hari eta haren La collectionneuse pelikulari buruzko dokumentazio zabala prestatu du, hilabete osoan bakarka ikusi ahal izango dena Liburutegian bertan. Gainera, CinémArtium izeneko frantsesezko zinema zikloaren barruan, Brahim Fritah-ren Chroniques d’une cour de récré pelikula proiektatuko da (apirilaren 23an, asteartea). Azkenik, Zinema eta arte garaikidea adinekoentzat zikloan, Vital Fundazioarekin elkarlanean, Robert Altman-en Vincent & Theo pelikula britainiarra eskainiko da (apirilaren 9an, asteartea)

Aparteko aipamena merezi du Artiumek apirilaren 12an Liburuen Nazioarteko Egunaren ospakizunari eskainiko dion programak. Prestatu diren jardueren artean arte eta kulturako testuen irakurketa jarraitua dago, egungo artisten argitalpen-proiektuei buruzko liburu erakusketa baten inaugurazioa eta Anariren kontzertua. Liburutegiak, gainera, bookcrossing eta «ustekabeko liburua»-ren mailegua programatu ditu egun horretarako.

Azkenik, aipa ditzagun Museoko erakusketen (Oroi. Queda mucho pasado por delante, Bildumarena, riflepistolacañon, Jacobo Castellanorena eta Mirarien horma) bisita gidatuak. Asteazkenero egiten dira, 18:30ean eta igandero, 12:30ean. Apirilean eta Aste Santuko jaiegunetan, ostegunetik, hilak 18, astelehenera, hilak 22, Artium osorik izeneko bisita gidatuen eskaintza berezi bat egongo da, 12:30ean eta 18:30ean. Bertan, bisitariek Museo osoa ikusteko aukera izango dute, eta haren historiaren eta arkitekturaren xehetasunak ezagutzekoa, erakusketez gainera. Bisitak doakoak dira Museoko sarrera-txartelarekin. Asteazkenetan Zuk nahi duzuna da tarifa, egunero pentsiodun, ikasle eta langabetuei ezartzen zaiena berbera. 14 urtez azpikoek ez dute sarrera ordaintzen.

Argibide gehiago  Artiumeko erakusketak  Abigail Lazkoz-en Antianimismo 1 (irudia) 

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand