Ostirala, 2019(e)ko Martxoaren 15a 13:30

San Jose zubia jarduerez gainezka Artiumen

Familiarekin datozenek elkarrekin esperimentatzeko, dibertitzeko eta atseden hartzeko gune bat aurkituko dute. Gainera, Bildumaren eta Jacobo Castellanoren erakusketak, Artium osorik bisita gidatuak eta gazteentzako musika-lantegi bat

Artium Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak jardueren programa berezi bat prestatu du San Jose zubi honetan visitan etorriko direnei harrera egiteko. Asteburu luze honetan, Jacobo Castellanoren eta Bildumaren erakusketez gainera, familientzako atseden-leku bat eskaintzen du Museoak. Bertan, haurrekin partekatzeko eta esperimentatzeko lantegi bat egingo da gainera. Museoko lorategian, barruko plazan, gazteentzako musika-lantegi bat egingo da larunbatean, eta zubi osoan Artium osorik izeneko bisita gidatuak egingo dira.

San Jose zubi honetako lehen zedarria Lorategi argiztatua izeneko gazteentzako musika lantegia izango da. Larunbatean egingo da, martxoak 16, arratsaldeko bostetatik zazpietara. Antton Goikoetxea eta Andrea Ríos gidari direla, Artiumen lorategian egingo da lantegia, eta sormen artistikoa eta bitarteko elektronikoen bidez sortutako musika elkartuko dira zentzumen askoren esperientzia bati bidea emateko. Ez da beharrezkoa aurretik musika-ezagutzarik izatea, nahikoa da 18 urtez azpikoa izan eta esperimentatzeko gogoa izatea; gainera, sarrera doan da.

Bestalde, zubiko igande, astelehen eta astearterako aurreikusitako familientzako lantegietan parte-hartzaileek erabiltzen ez diren eguneroko gauzak eraldatu ahal izango dituzte, bizi berri bat emateko. Lantegiak Jacobo Castellanoren riflepistolacañon erakusketaren ildoari jarraituko dio. Izan ere, erakusketa horretan objektu ezagun eta ezaguterrazak berreskuratu eta eraldatu dira, asko eta asko artistaren haurtzaroko oroimenez beteak. Lantegi horretan hezitzaile bat egongo da 11:30etik 13:30era eta 17:30etik 19:30era. Nahi izanez gero, etxetik ekar daitezke lantegirako gauzak, baina Museoan ere badaude.

Eraldaketak izeneko lantegi horiek «familientzako gunea» izeneko espazio batean egingo dira, Artiumen bisitan atsedenaldi bat hartu eta une atsegin bat igarotzeko bereziki prestatuan. Gazteenak lantegietan dibertitu bitartean, helduek, berriz, atsedenaldi bat hartu eta uneaz gozatu ahal izango dute. Espazio hori zabalik egongo da Museoaren ordutegi osoan. Gogoan izan 14 urtez azpikoek ez dutela sarrera ordaintzen.

San Jose zubian Museoak bi erakusketa handi izango ditu zabalik: Oroi. Queda mucho pasado por delante, Artium Bildumarena, eta riflepistolacañon, Jacobo Castellanorena. Biek protagonismo handia izango dute zubiko egun guztietan egitea aurreikusten den Artium osorik bisita-programan, 12:30ean eta 18:30ean. Gida espezializatu baten laguntzarekin, Museo osoan barrena ibiliko dira bisitariak. Ibilaldi horretan Museoaren historia ezagutuko dute, eta bisitariek haren historia ezagutuko dute, arkitekturaren ezaugarri nagusiak eta ikusgai dauden erakusketak. Horien artean, aipatutakoez gainera, Mirarien horma hezkuntza-erakusketa ere bisitatu ahal izango da.

Argibide gehiago 

San Jose zubia Artiumen
Familientzako lantegiak eta gunea, erakusketak, bisita gidatuak, musika-lantegia gazteentzat...
Martxoaren 16tik, larunbata, 19ra, asteartea
Ordutegia: 11:00etatik 20:00etara, etengabe
Martxoaren 20an, asteartea, Museoa itxita egongo da

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand