Astelehena, 2018(e)ko Abenduaren 03a 10:24

Artium egitarau berezia prestatzen ari da abenduko zubirako

Oroi bildumaren erakusketari buruzko miaketa-koadernoko hamar enigmak ebazteko erronka izango dute bisitariek aurrez aurre. Artium osorik bisita gidatuak eta Belar-bilduma guztiontzat, familientzako botanikako lantegia, Museoko lorategian

Artium Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak jarduera-egitarau berezia prestatu du abenduko zubirako. Erakusketak, familientzako tailerrak Museoko lorategian, miaketa-koadernoak eta bisita gidatuak antolatu ditu, besteak beste, abenduaren 6tik (osteguna) abenduaren 9ra (igandea) bitarterako. Egun horietan, etengabe zabalik egongo da Museoa, goizeko hamaiketatik arratsaldeko zortzietara.

Artiumen, bi erakusketa handi izango dira abenduko zubian: Oroi. Queda mucho futuro por delante eta Kolore nomadak. Menchu Lamas. Lehena, Artium Bildumaren aurkezpen eguneratua da, memoria ardatz harturik eratua; hain zuzen ere, sorkuntza garaikidean funtsezkoak diren hirurogeita hamar egile ingururen obrak biltzen ditu, memoriarekin lotura dutenak hainbat ikuspegitatik: ikuspegi pertsonaletik, familiarretik, historikotik, sozialetik… Gainera, erakusketan oinarrituriko miaketa-koadernoa ere prestatu du Artiumek: irudimenari eta asmamenari eraginez gozatzeko ariketa dibertigarria, Oroi bisitatu ahala hainbat artelanen ezkutuko historiak ezagutzeko.

Kolore nomadak erakusketak, bestalde, Menchu Lamasen, azken lau hamarkadetako espainiar pintura garaikidea ulertzeko artista esanguratsuenetako baten, azkenaldiko lanak biltzen ditu. Erakusketa honetan, «kolorea bere egoera garbienean azaleratzen da. Pultsio geometriko eta keinuzko batek sentipenak eta emozioak adierazten ditu».

Bi erakusketak bisita daitezke Artium osorik doako bisita gidatuaren bidez. Museoaren, eraikinaren eta iraunkorki erakusgai dauden obren –Miró, Javier Pérez, Richard Serra, Oteiza, Chillida, Anabel Quincoces eta abarren piezen– hainbat berezitasun ezagutuko dituzte bisitariek gida espezializatu baten eskutik.

Gainera, abenduko zubi honetan Artiumera etortzen diren bisitariek aukera izango dute Belar-bilduma guztiontzat lantegian parte hartzeko, besteak beste.  Lantegi horretan, egun batez botanikari-lanetan arituko dira, Museoko lorategian. Bertan, landareak bilduko dituzte, eta ikasiko dituzte landareen izenak, haiek nola zaindu behar diren, baita haien istorioak ere. Gero, lantegian, landareak marraztu, sailkatu eta nork bere belar-bilduma berezia sortuko du.

Adin orotako bisitarientzat prentsatutako lantegia da. Doan izango da sarrera-txartelarekin, baina tokia mugatua da. Gogoan izan: Museoko sarrera doakoa da 14 urtez azpikoentzat, eta Zuk nahi duzuna tarifa eskuragarri dute langabe, ikasle eta 65 urtetik gorakoek.

Abenduko zubia Artiumen
Erakusketak, lantegiak Artium lorategian, miaketa-koadernoak, bisita gidatuak...
Abenduaren 6tik, osteguna, 9ra, igandea

Programa osoa ikusi

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand