Astelehena, 2018(e)ko Urriaren 29a 11:01

Bigarren mundu gerraren ondoko hamarkadetako zinemari buruzko ikastaro bat eskainiko du Artiumek

Italiar neorrealismotik hasi eta nouvelle vague delakoraino, garai hartako mugimendu, zuzendari eta pelikula entzutetsuenen errepasoa egingo da ikastaroan. Juan Arrosagaray-k, Vitoria-Gasteizko Arte eta Lanbideen Eskolako irakasleak, emango du Errealitate iragankorrak ikastaroa

Artiumek, Vitoria-Gasteizko Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak, zinemari buruzko beste ikastaro bat antolatuko du. Oraingo honetan, bigarren mundu gerraren amaieraren ondoren Europan eta Estatu Batuetan sortutako mugimenduei eta haien ordezkari nagusiei eskainiko zaie arreta. Juan Arrosagaray-k emango duen ikastaro hau lau saiotan banatuko da, beste hainbeste gairen inguruan, eta zinema ziklo txiki bat ere izango da, garaiko bi pelikula klasiko ikusteko aukera emango duena. Zabalik dago izena emateko epea Artiumen webean.

Bigarren mundu gerra amaitu baino lehenagotik eta hurrengo hamarkadetan, Atlantikoaren bi aldeetako zuzendari askok inguru hurbilenari begiratu zioten istorio berriak kontatzeko gaiak eta pertsonaiak bilatzeko. Gerra hark ekarri zuen giza- eta gizarte-hondamendiaren eta hondamendi ekonomikoaren ondoren, Europan batik bat, zinemagile batzuk zer zuzenenetan saiatu ziren egia bilatzen, sinpletasunez eta artifiziorik gabe.

Testuinguru eta herrialde elkarren artean oso desberdinetan —Italia, Ingalaterra, Frantzia, Estatu Batuak— zuzendari batzuk —gazteak gehienetan— zinemaren industriaren aparatu ofizialaren aurka matxinatu ziren. Jarrera ez konformista eta berritzaile horretatik hainbat mugimendu sortu ziren, esate baterako italiar neorrealismoa, frantziar nouvelle vague eta rive gauche, free cinema britaniarra eta Estatu Batuetako zinema berria. Giro horretan sortu ziren Vittorio De Sica-ren Ladri di biciclette (1948) eta John Cassavetes-en Shadows (1959) bezalako pelikula suspergarriak, batzuk aipatzearren.

Testuinguru artistiko eta historiko orokor batetik abiatuta, mugimendu berezi horietako bakoitzaren ezaugarri nagusiak aztertuko dira Errealitate iragankorrak ikastaroan, eta ordezkari nagusiak, haien lan garrantzitsuenak eta publikoak egin zien harrera ezagutuko dira. Era berean, korronte horien pixkanakako gainbeheraren arrazoiak eta egungo zineman oraindik ere duten eragina azalduko ditu Juan Arrosagaray-k.

Zinema-zikloa
Ikastaroa zortzi ordukoa izango da eta bi astetan egingo da jarraian, azaroaren 6, 7, 13 eta 14an. Zinema-ziklo txiki batek osatuko du, gainera, ikastaroa azaroaren 8an eta 15ean, osteguna. Bertan garaiko bi maisulan proiektatuko dira: The Loneliness of the Long Distance Runner Tony Richardson britainiarrarena, free cinema delakoaren ordezkari entzutetsuenetakoarena, eta Faces John Cassavetes iparramerikarraren, herrialde hartako zinema berriaren egile funtsezkoenetakoa.

Juan Arrosagaray Arte Ederretan lizentziaduna da (Euskal Herriko Unibertsitatea), ikus-entzunezkoetan diplomaduna (Marseillako Luminy Arte Eskola) eta bideo eta sorkuntza digitaleko irakaslea Vitoria-Gasteizko Arte eta Lanbideen Eskolan. Duela gutxi Blanco y en botella izeneko ikus-entzunezko lan bat aurkeztu du.

Zinema-ikastaroa

Azaroaren 6an, asteartea

  • Sarrera orokorra
  • Testuinguru artistiko/historikoa
  • Italiako neorrealismoa

Azaroaren 7an, asteazkena

  • Free cinema ingelesa

Azaroaren 13an, asteartea

  • Nouvelle Vague eta Rive Gauche

Azaroaren 14an, asteazkena

  • Estatu Batuetako zinema berria

19:30etik 21:30era. 8 orduko ikastaroa. Toki mugatua
Tarifa: 40 €. Museoaren Adiskideak eta agiridun ikasleak: 20 €
Onlineko izen-ematea  Argibide gehiago: 945 20 90 20

Zinema-zikloa

Azaroaren 8an, osteguna
The Loneliness of the Long Distance Runner, Tony Richardson, 1962
Azaroaren 15ean, osteguna
Faces, John Cassavetes, 1968
Emanaldi aretoan, 20:00etan
Pelikula bakoitza: 2 €. Museoaren Adiskideentzat eta zinema-ikastaroko parte-hartzaileentzat doan

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand