Osteguna, 2018(e)ko Azaroaren 15a 10:35

Familiarteko komikiak Artium Museoan

Komikietako pertsonaiak eta gidoiak sortzeko erabiliko da FamiliArtiumen hileroko saioa

Artium Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak familiartean komikiak sortzeko lantegi bat proposatzen du datorren larunbaterako, azaroak 17, FamiliArtium programaren barruan. Azucena Monge hezitzailea gidari dela, Gizon-emakume heroiak lantegiko parte hartzaileek pertsonaiak sortuko dituzte lehendabizi, eta gero istorio bat, marrazkien bidez. Lantegia 6-12 urte bitarteko haurrentzat da. Sarrera doakoa da haientzat, eta baita helduentzat ere Museoko sarrera izanez gero, baina beharrezkoa da aurretik izena ematea 945 20 90 20 telefonora deituta.

XIX. mendean sortu zenetik eta, batez ere, XX. mendearen lehen erdian sendotu eta zabaldu zenetik, heroiak sortzeko genero egokia dela erakutsi du komikiak, eta baita istorio zirraragarriak kontatzeko, eta hizkuntzarekin eta irudiarekin esperimentatzeko ere. Heroiak, zientzialariak, detektibeak, izaki fantastikoak, giza itxurako izakiak, era guztietako pertsonaiak sortu dira, eta gidoi horiek narrazioaren historiara igaro dira gero batzuetan.

Nolanahi dela ere, komikia marrazkien bidez istorioak kontatzeko bitarteko bat da, eta haren xedea ez da entretenitzea bakarrik; izan ere, hezitzeko, balioak partekatzeko eta gizarte-errealitateak ezagutarazteko ere erabil daiteke.

Gizon-emakume heroiak lantegiaren dinamizatzailea Azucena Monge izango da, Artium Museoaren hainbat proiektutan hezitzaile gisa aritzen dena, ikus-entzunezko komunikazioan eta, zehatzago komikien munduan, aditua. Espainiako Trantsizio garaiko komiki feministen egileen inguruko tesi batekin lortu zuen doktoregoa.

FamiliArtium familiartean egiteko Artiumek sortu duen lantegi-programa bat da, kultura garaikidearekin lotutako gai ugari jorratzen dituena haur eta helduek jolastuz eta sortuz gozatzeko. Bi orduko iraupena izaten dute, eta doakoak dira haurrentzat. Helduek Museoko sarrera erosi behar dute. Beharrezkoa da erreserba egitea 945 20 90 20 telefonora deituz. Sedena-ren babesa du FamiliArtiumek.

Gizon-emakume heroiak
FamiliArtium, familientzako lantegi berezia
Azucena Mongeren eskutik
Azaroaren 17an, larunbata, 17:00etan
6-12 urte bitarteko haurrentzat, heldu bat lagun dutela
Museoaren sarrerarekin doan
Argibideak eta erreserbak: 945209020

Gizon-emakume heroiak 

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand