Astelehena, 2018(e)ko Urriaren 22a 14:19

Artiumek Menchu Lamasen Kolore nomadak erakusketa aurkezten du

Erakusketa honetan galiziar margolariaren azken lanak ikusiko dira: formatu handiko piezak, diptikoak eta baita puzzle luzeak ere. Menchu Lamas funtsezko pintorea da Espainiako pintura garaikidean eta galiziar arteak 80ko hamarkadan izandako berrikuntzan

Artium Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak Menchu Lamas. Kolore nomadak erakusketa aurkezten du (Iparra Aretoa, 2019ko urtarrilaren 20ra arte). Espainiako pintura garaikideko pintore funtsezkoenetako bat izan da Menchu Lamas, eta haren azken lanak erakutsiko dira erakusketan. Pintorearen hogeita hamarretik gora lan ikusteko aukera izango da: formatu handiko banakako piezak, diptikoak eta puzzle handiak. Lan horietan guztietan oso modu pertsonalean uztartzen dira baliabide abstraktuak eta figuratiboak, kolorea protagonista duen unibertso sinbolikoa osatuz. Menchu Lamasen lanek Artiumeko Bilduma eta garrantzizko beste hainbat bilduma osatzen dituzte, hala nola Madrilgo Reina Sofía Museoa, Bartzelonako MACBA eta Santiago de Compostelako CGAC. Kolore nomadak erakusketan Luis Francisco Pérezek jardun du komisario-lanetan, eta Artiumen ekoizpena izan da (Vitoria-Gasteiz).

Kolore nomadak erakusketak Menchu Lamasen, 1980ko hamarkadatik hona espainiar artean izan den artista ospetsuenetako baten, egungo lana hurbiltzen digu. Garai hartako nazio mailako erakusketa panoramiko garrantzitsuenetan parte hartzeko hautatu zuten —26 pintores /13 críticos, Salón de los 16, En el centro, Preliminar—, eta kanpoko hainbat erakusketetarako ere bai —Sao Pauloko Biurtekoa, Five Spanish Artists New Yorken (Artists Space delakoan), Currents Bostongo ICAn, Spansk Egen-Art eskandinabiar herrietako museoetan eta Spanisches Kaleidoskop, Alemaniako eta Suitzako museoetan. Belaunaldi berriaren sorrera eta estetikaren berritzea markatu zituen Atlántica taldearen sortzaileetako bat izan zen Galiziatik. Pizgarri gisa jokatu zuen mugimendu estetiko bat eratu zuen atlantismoak.

Haren proposamen piktorikoak berezko koordenatu batzuk definitu zituen hasieratik, baliabide abstraktuak eta figuratiboak oso modu pertsonalean elkartzen dituen unibertso sinboliko kartsu bat. Formatu handietan lan egiten du, non kolore-esparruek konposizio koloretsu eraginkorrak egituratzen baitituzte.

Kolore nomadak erakusketak egungo artelan garrantzitsuenen ibilbide trinko bat proposatzen du, pieza enblematikoen aurrean kokatzen gaituen emari bat. Kolorea bere egoera garbienean azaleratzen da. Pultsio geometriko eta keinuzko batek sentipenak eta emozioak adierazten ditu.

Erakusketa
Lehendabiziko aretoan kokatutako puzzle kolore aniztun erraldoiak (erakusketari izena ematen dionak) 3 metro gora eta ia 20 metro luze den angelu bat estaltzen du. Manifestu bat da, bere horretan, asmoen adierazpen bat, trazuaren indarrean oinarritzen dena, konposizioaren energian, ikusizko baliabideak eta justaposizio ausartak erabiltzeko zolitasunean. Forma abstraktuen inbentario ikonografiko trinko bat hedatzen da: zirkuluak, uhinak, degradazioak, erretikulak, labirintoak, lerro gurutzatuak, kiribilak, siluetak, eskemak, mintzak, oroitzapen arkitektonikoak… Sekuentzia luze bat non geometria aktibo batek kolore-karta bat aldarrikatzen baitu, irradiazio-esparru bat definitzen duena. Betetasun kromatikoko giro bat. Kolorea habitat gisa.

Colores nómadas pieza handiaren aurrean dago Laberinto rojo, 250x400 cm-ko diptiko bat, enigma sutsu bat, non gizakia eta geometria aleatorio bat gurutzatzen baitira labirintozko egitura bat eta malguki organiko gisa jokatzen duen nahaspila hedakor bat elkartzen dituen irazki batean.

Inoiz «pasio kromatikoa» aipatu izan da Menchu Lamasen lanaren gako gisa. Kolore-kontrasteak irradiazio-esparru bat zehazten du, kolorearen bizitasunak habitat bat eraikitzen du. Haren lanaren sail berrienak —Membranas eta Esferas—, kolorearen betetasuna adierazten du. Kolorearen abentura bat askatasunean, abstrakzio sinboliko bat non koloreen kartak bere mailaketan murgiltzeko hormak eratzen baititu, gela gorietan ikusizko bertigo bat aldarrikatuz.

Ehundura optikoak, asimetrien dinamismoa, izurduren eta erraztatzeen keinuzko ibilbideak, ukimenezko sentipenak taupadatzen diren planoak. Keinuaren luzapenak, trazuak, silueta eta soslai jariakorrak lotzen ditu. Margoaren bat egitearen alkimia. Batzuetan, badirudi haren lanetan berezkotasun biziz hozitzen direla formak. Oszilazioak, hautematearen zabua, begiradaren eta ukimenaren ituna. Kolorearen gurutzaketan pausatutako eskuak. Kolore bakoitzak kultur oihartzun ugari ditu. Gorputzaren murgiltze bat bilatzen duen zentzumenen kontzientzia hedakorra. Kolorea eta desira elkartu egiten dira.  

Kolore beltzak garrantzi handia du erakusketan, elkarrizketa bat sortzen baita beste artelan batzuen oparotasun polikromoarekiko. Horma beltz solemnea, Paseantes-en irudikapenaren itxiera gisa jokatzen duena eta Bosque arratseko kolorez tindatzen duena. Marra beltz irmoak eta lurralde beltz zabalak. Argia harrapatzeko esparruak, hiperkromatismoaren klimax anitzaren aurrean hautematearen ukatze birtuala. Gauean murgiltzea, iluntasun esparru batean, itzalen jolasak erakartzeko. Irudimeneko animaliak, irudikapenaren magian korapilatutako hatzak.

Areto batean elkarrekin daude Frontera-ren (300×400 cm) aurrez aurrekotasun soila eta Solpor (250×500 cm). Formatu handiko bi artelan adierazkor: bata tonu hotzekin egina, eta bestea, arratseko gama beroarekin.  Aldameneko areto beltzez margotuan, Juego de sombras saila dago, txinatar proiekzio modura. Ikuslea ilunantzean dagoen gela baten iluntasunera sartzen da, eta han elkarri lotutako esku handien siluetak, txori baten soslaia eta txakur baten edo beste animaliaren baten ingerada aurkitzen ditu.

Pirámides (300x800 cm) eta Paseantes (300x600 cm) izenekoak tamaina handiko bi pieza panoramiko dira, non kolore beltzak, azalera zabalak estaliz, protagonismo handia baitu. Bi proposamen solemne eta misteriotsu horiek Recorrido de la mirada-ren kontrapuntu bisuala dute: hormaren eta lurzoruaren artean mihiztatutako koadro multzo kolore aniztuna.

Hurrengo aretoan azken-azkenekoetako Membranas eta Esferas margolanak daude. 3x3 metroko piezak dira, oparotasun handiko pultsio kromatiko bat finkatzen dutenak. Badirudi kolore-kartak eztanda egiten duela hemen intentsitate dimentsio batean. Kolorearen leherketa baten aurrean gaude, kontrapuntua Bosque-n (300×675 cm) daukana: presentzia panoramiko eta ia gauekoa (sintesi eraginkor baten bidez). Mailakatutako kolore beroen marra etzanek urruntasuneko tonuak finkatzen dituzte. Lehen planoan zutik agertzen dira zuhaitz ia gardenen grafismo estilizatuak.  

Erakusketa osatzeko, in situko esku-hartzeak: Sueños geométricos, espazioan forma geometriko irregularren eta ehundura etenen alboratze bat hedatzen duena. Ondoko espazio batean beste esku-hartze bat dago (oraingo honetan etzana). Laboratorio de sombras izena du, eta zuri-beltzeko ehundura erritmiko batean integratutako marrazkiak dira, zuzenean horman margotuak.

Gela txikiagoetan pieza garrantzitsuak daude, esate baterako, Mirada, Sirena, Soplo, Libro, Cariátide, Canoa eta Círculo vermello... Galiziar artistaren hizkera sinboliko bereziaren erakusgarriak dira, oso lan pertsonala eta indar enblematiko handikoa sortu baitu. Abstrakzioaren eta figurazioaren, energia kromatikoaren eta konposizioaren indarraren arteko dialektika berezi bati eustea izan da beti haren proposamenen ezaugarria.

Prentsarako irudiak  Argibide gehigarria

Erakusketa
Menchu Lamas. Kolore nomadak
Komisarioa: Luis Francisco Pérez
Iparra Aretoa, 2018ko urriaren 23tik 2019ko urtarrilaren 20ra
Inaugurazioa: urriaren 22an, astelehena
18:30ean: inaugurazio-aurreko bisita gidatua. Museoaren Adiskidentzat bakarrik. Beharrezkoa da erreserba egitea
19:00etan: Menchu Lamas-en eta Luis Francisco Pérez-en arteko solasaldia
20:00etan: erakusketaren inaugurazioa. Doako jarduerak
Hurrengo bisita gidatuak: 10.24, asteazkena, 18:30ean (euskaraz); 10.31, asteazkena, 18:30ean (euskaraz); 11.04, igandea, 12:30ean (gaztelaniaz); 11.11, igandea, 12:30ean (gaztelaniaz)

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand