Astelehena, 2018(e)ko Azaroaren 19a 17:40

Mirari Echávarri artista Artiumen

Artium Bildumaren Oroi erakusketan ikusgai dagoen From Work argazki sailaren egilea da

Mirari Echávarri artista nafarrak Artistak gurean programan parte hartuko du bihar, azaroak 20, asteartea, Artium Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoan. Artium Bilduma osatzen duten sortzaileekin harreman zuzena izateko aukera ematen du programa horrek.  Echávarri From Work argazki sailaren egilea da, zeinaren bost ale baitaude ikusgai Oroi. Queda mucho pasado por delante erakusketan. Saioa arratsaldeko zazpietan hasiko da eta parte-hartzea doakoa da, tokia, ordea, mugatua.

Museoaren Hegoa aretoan ikusgai dauden Mirari Echávarri-ren (Iruña, 1988) bost argazkiak From Work sailekoak dira, 2014ko apirilaren eta azaroaren artean New Yorken eginak. Argazki horietan «era askotako lan-prozesuak eta eguneroko bizitzako eszenak” dokumentatzen ditu. Echávarriren lanak saria jaso zuen GetxoArteren 2015eko edizioan, eta gero erakunde horrek gordailuan utzi ditu argazkiak Artium Bilduman.

Hala dio artistak: «proiektu honen abiapuntua da hiri berri batean instalatu ondoren denbora nola kudeatu. Lehen fase batean zeregin bat bilatzearen —ordaindua ala ez— eta denbora librearen artean banatzen bada, gero eta zailagoa gertatzen da lanaren (produktibo, erreproduktibo, inproduktibo) eta aisialdiaren artean bereiztea. Nire argazkigintzaren bidez muga horiek nola lausotzen diren aztertzea erabaki dut nire esperientziatik abiatuta».

Echávarrik liburu batean argitaratu du From Work saila. Testuak artistarenak berarenak eta Maite Garbayo arabar ikerlari eta arte-kritikariarenak dira.

Mirari Echávarri-k (Iruñea, 1988) Arte Ederren ikasketak egin zituen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Bartzelonako Unibertsitatean eta Bristoleko University of the West of England-en osatu zituen. International Center of Photography-rekin eta White Columns artegune alternatiboarekin lan egin du, biak New Yorken, eta bere lana Artiumen, Arte Garaikidearen Huarte Zentroan, Fundació Tàpies-en, Centre d’Art Torre Muntadas-en eta BilbaoArte-n erakutsi du.

Artistak gurean hitzaldi-programan parte hartuko du, zeinaren bidez Artiumek sortzaileen eta publikoaren arteko harremana bultzatu nahi duen. Lehenek beren lan-prozesuak eta interesak azal ditzakete, eta bigarrenek, berriz, sakonago ezagutu ditzakete Artium Bildumaren parte diren eta artelanak Museoko aretoetan ikusgai dituzten artistak.

Argibide gehiago  Oroi erakusketari buruz  Irudiak

Artistak gurean: Mirari Echavarri
From Work argazki sailaren egilea, Oroi. Queda mucho futuro por delante. Artium Bilduma erakusketan ikusgai
Azaroaren 20an, asteartea, 19:00etan. Doako jarduera

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand