Asteartea, 14 Otsaila 2017 09:27

Artiumek Gauzen larritasuna erakusketa aurkeztu du

Herri musulmanetako, latinoamerikako eta Afrikako artisten lan-sorta bat bildu da erakusketan, betoek, horma eta langek eta migrazio behartuek markatutako eremuak. Siah Armajani eta Shirin Neshat iraniarrak, Artemio eta Enrique Chagoya mexikarrak eta Rayyane Tabet eta Emily Jacir libanoarrak, dira erakusketako artista batzuk

Artiumek, Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak Gauzen larritasuna erakusketa aurkeztu du mundu osoko kultura-erakunde askoren bideari jarraituz, pertsonen mugimendu-astatasunaren alde eta azken aldiotan gorantz doan zentsuraren eta balio-galeraren aurka. Artium Bildumako herri musulmanetako, Latinoamerikako eta Afrikako 16 artistaren lanek osatzen dute erakusketa, hots, betoek, harresiek, langek eta gerrak eta pobreziak behartutako migrazioak markatutako munduko eremuetako artisten lanek. Martxoaren 19ra bitartean egongo da zabalik erakusketa, Artiumen Atari-aretoan, eta sarrera doakoa da.

Leer más +

Artium Bildumako hamasei artistaren hemezortzi artelanek osatzen dute Gauzen larritasuna. Zerrendan dauden sortzaileak gehiengo musulmaneko herrietakoak daude (Siah Armajani eta Shirin Neshat iraniarrak, eta Akram Zaatari, Emily Jacir eta Rayyane Tabet libanoarrak), latinoamerikarrak (Kcho, José Bedia eta Wilfredo Prieto kubatarrak, Aníbal López eta Regina José Galindo guatemalarrak, Artemio, Enrique Chagoya eta Moris mexikarrak, Miguel Ángel Ríos argentinarra, eta Alfredo Jaar txiletarra) eta afrikar bat, Thonton Kabeya kongoarra. Gure gaur egungo munduko arazo larrienetako batzuen jatorrian dauden gaiak jorratzen dira artelan horietako askotan: gerra, indarkeria, askatasunik eza eta pobrezia, besteak beste.

Hona zer esan duen Daniel Castillejok, Artiumen zuzendariak: «gurea bezalako bilduma baten zabaltasunak berehala erantzuteko aukera ematen du, gure ustez jarrera hartu beharreko egoeren aurrean. Ez dezagun ahaztu Artium erakunde garaikidea dela, munduan gertatzen den guztiari adi dagoena, ez arteari eta artistei dagozkien kontuetan bakarrik, baita elkarbizitza eta gizarte-aurrerabidea mehatxatzen dituzten aldaketei dagokienez ere».  

Castillejok aipatu du: «azken hilabeteetan areagotu egin da aurreko hamarkadetan ahalegin handiz lortutako aurrerapen askori gogor eragiten dion arazo bat. Eta kulturaren mundua ere jarrera hartzen ari da bereizketaren, harresiak eraikitzearen, gerrak eta gatazkek eragindako milaka pertsona bertan behera uztearen, desberdinak izateagatik pertsona askori mugitzeko eskubidea mugatzearen arriskuaren aurrean».

Zentzu horretan, ez da ahaztu behar New Yorkeko MoMAk, adibidez, erakusketa iraunkorra aldatu duela Trump presidentearen agindu exekutiboan betoa jarritako herrialdeetatik datozen artisten lanak ikusgai jartzeko, eta mundu osoko kultura-erakunde askok, besteak beste Artium kide den Arte Modernoko Museo eta Bildumen Nazioarteko Batzordeak (CIMAM), beren gaitzespena adierazi dutela talde-adierazpen baten bidez.  

Ildo horretan, Artiumen zuzendariak esan du: «gure ahalbideen barruan eta Artium Bildumak jokatzeko ematen digun malgutasuna aprobetxatuz, gure iritzia eman nahi izan dugu Gauzen larritasuna izeneko erakusketa honekin, musulman jatorriko eta Latinoamerikako artisten lanek osatua, nagusiki, eta zuzenean eragiten diguten arazoak azpimarratzen dituenarekin, hala nola iheslariei mugak ixtea».

Premiazko erakusketa
Gauzen larritasuna. Artium Bildumaren mugaz gaindiko sorta
Artiumen Atari aretoan, 2017ko martxoaren 19 arte
Komisarioa: Daniel Castillejo
Artistak: Kcho, Artemio, Shirin Neshat, Siah Armajani, Alfredo Jaar, José Bedia, Regina José Galindo, Miguel Ángel Rios, Thonton Kabeya, Wilfredo Prieto, Akram Zaatari, Emily Jacir, Anibal López, Enrique Chagoya, Rayyane Tabet eta Moris
Gauzen larritasuna Vitoria-Gasteizko Artiumen, Arabako Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoaren ekoizpena da

Artelan-zerrenda  Prentsarako irudiak  Erakusketari buruz

Artium gizarte-sareetan

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand