Osteguna, 22 Abendua 2016 16:23

Liliana Porter, Juan Pérez Agirregoikoa, Santos Iñurrieta eta Menchu Lamas, Artiumeko 2017ko programazio artistikoan

Egungo arte mexikar eta espainiarraren koprodukzio handi batek eta Artium Bildumaren aurkezpen berri batek osatzen dute museo arabarraren erakusketa handien agenda. Aretoak eraberritzeko lanak direla-eta, apirilean emango zaio hasiera programari. Bost urte eta gero, Museoak Bildumarako obrak erosiko ditu berriro, Museoak Arabako Foru Aldundiaren aurrekontutik dagokion diru-hornidura berreskuraturik. Artiumek xehetasun handiagoz prestatuko ditu erakusketekin loturiko jarduerak, eta lankidetza-harremanak estutuko ditu beste kultur eragile batzuekin; honako hauekin, besteak beste: Azala Espacio sorkuntza-gunea, Gauekoak elkartea, Mugako, inTACTo, Korterraza, Cortada eta Bernaola jaialdiak.

Artium Fundazioaren Patronatuak, Arabako ahaldun nagusi Ramiro González buru zela, Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoaren jarduera-programa onartu du gaur goizean. Programako ekitaldi nagusiak apiriletik aurrera eskainiko dira, aretoak eraberritzeko lanak behin bukatuta. Nabarmentzekoak dira Liliana Porter, Juan Pérez Agirregoikoa, Menchu Lamas eta Santos Iñurrietaren bakarkako erakusketak, bai eta bi talde-erakusketa handi ere, artista mexikar eta espainiarren bat bata, eta Artium Bildumaren aurkezpen berri bat bestea. Eta orain arte bezala, kultur garaikideko ekitaldiek ―erakusketak sakonago ezagutzea helburu― eta Museoaren inguruko bestelako kultur eragileekiko lankidetza estuak lehen mailako protagonista izaten jarraituko dute.

Leer más +

Artium Fundazioaren Patronatuak ―orain Bingen Zupiria gehitu zaio, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu izendatu dutenez gero― ontzat eman du, gainera, Museoaren aurrekontua, 3,5 milioi eurokoa 2016an. Nabarmentzekoa da, batetik, Eusko Jaurlaritzaren ekarpena 465.000 eurokoa izatetik 665.000 eurokoa izatera igaro dela; bestetik, Aldunditik datozen funtsak 1.800.000 eurotan finkatu direla; eta, azkenik Museoak berak bere diru-sarrerak areagotu dituela, babes pribatuaren alorrean gehienbat, baina baita erakusketen kudeaketa eta salmentarenean ere, proiektu propioen koprodukzio-hitzarmenak bideratuz. Hona beste albiste garrantzizko bat Artiumentzat: bost urte gero, 2016an, Museoa obrak erosteko moduan izango da berriro, Arabako Foru Aldundiaren aurrekontuetatik dagokion diru-hornidura berreskuraturik.

Aurrekontu horiek aldaketa bat ekarri dute, gainera, Museoaren sarrerako prezioan, eta hala, tarifa orokorra ―6 eurokoa 2016an― 5 eurokoa izango da aurrerantzean. Langabetuek, ikasleek eta pentsiodunek tarifa murriztua izaten jarraituko dute, “zeuk erabaki” delakoa; eta hamalau urtetik azpikoentzat, sarrera dohainik izango da. Museoak bisitatzeko ohitura suspertzeko asmoz, Artiuimek “zeuk erabaki” delako tarifa eskainiko du, erakusketetara sartzeko, ez bakarrik urte osoko asteazken guztietan, baizik eta baita hil bakoitzeko azken asteburuetan ere. Beste berrikuntza bat, alor horretan, honakoa da: tarifa berezi bat, aukera emango duena museoaren bisitaren esperientzia estetikoari beste esperientzia bat gehitzeko; elikagai-dastatze baten esperientzia gastronomikoa, hain zuzen, Cube kafetegiaren eskutik. Esperientzia bietarako sarrera bateratura 7 euroren trukean eskuratu ahalko izango da.

Liliana Porter, Juan Pérez Agirregoikoa, Santos Iñurrieta…
Programazio artistikoaz den bezainbatean, apirilean itzuliko dira Artiumera erakusketa handiak, areto handiak eraberritzeko lanak behin bukatuta, eta Museoaren inaugurazioaren 15. urteurrenaren ospakizunarekin bat eginez, gainera. Urteurren horren kariaz, Artiumek honako erakusketa hauek inauguratuko ditu, hurrenez hurren: Liliana Porter-en bakarkako bat, apirilaren 7an; Juan Pérez Agirregoikoaren bakarkako beste bat, apirilaren 12an; eta Artium Bildumaren aurkezpen berria, hilak 26an.

Liliana Porter (Buenos Aires, 1941) argentinarraren erakusketa Espainian haren obraz egiten den lehen atzera begirakoa izango da. Porter, 60ko hamarkadaz geroztik New Yorken bizi dena, nazioarteko panoraman ospe handienetako bat duen artista bat da, 1973an New Yorkeko MoMAn bere lana erakusgai jarri zuenetik. 1980an, Guggenheim Beka jaso zuen, eta 1985ean, New York Foundation for the Arts fundazioarena. Munduko museo eta bilduma nagusietan aurki daitezke haren lanak; honako hauetan, besteak beste: New Yorkeko MoMA, Metropolitan eta Withney musoetan, Brooklyngo Museoan, Filadelfiako Arte Museoan, Londresko Tate Modern-en, Madrilgo Reina Sofían, Buenos Aireseko MALBAn eta Bogotako Arte Modernoko Museoan. Erakusketaren komisarioa Estrella de Diego izango da, arte kritikari eta komisario ezaguna eta Arte Garaikidean katedraduna Unibertsitate Konplutensean. Erakusketa Artiumek ekoiztua da eta nazioarteko hainbat museotatik igaroko dela aurreikusita dago.

Juan Pérez Agirregoikoa (Donostia, 1963) egungo euskal artegintzaren ordezkari aipagarrienetako bat da. Artistak duela gutxiko obra ez ezik erakusketarako propio egindako lanak ere aurkeztuko ditu. Euskal artisten lanen artean Pérez Agirregoikoarenak dira errazen ezagut daitezkeenetako batzuk: marrazkiak, pankartak edo bideoak dira, ironiaz eta umore kaustikoz beteak denak. 2006an, Gure Artea saria irabazi zuen. Hiri askotako museoetan eta galerietan jarri ditu erakusgai bere lanak: Buenos Airesen, Amsterdamen, Frankfurten, Helsinkin eta Madrilen, besteak beste. Erakusketaren komisarioa Peio Aguirre kritikari eta idazle donostiarra izango da.

Artiumen urteurrenerako eta aretoen berrirekiera-ekitaldirako aurreikusitako triangelua erakusketa bikoitz batekin osatuko da: Artea eta (artearen) sistema (inaugurazioa: apirilak 26). Bi proiektu desberdin dira, baina elkarrekin sinkronizatuta daudenak: lehenak Bildumako obra handienetako batzuk (hautaketa bat) nabarmentzea eta zabaltzea du xede, eta beste arte-zentro batzuetatik maileguan gehien eskatutako lanez osatua dago, hau da, “gaur egungo arte-jardueraren eta erakusketa-jardueraren eraikuntzan biziki parte hartutako” lanez osatua; bigarren proiektuak, “artearen sistema”-renak alegia, arte-sorkuntzarekin batera gertatzen diren eta herritar arruntentzat ezezagunak diren prozesuak eskainiko ditu ikusgai: alderdi administratibo, legezko, komertzial eta segurtasunezko guztiak, beren inplikazio sozial eta ekonomikoekin batera.

Artiumek udazkenean beste hiru erakusketa zabaltzea du aurreikusita. Batetik, Santos Iñurrieta arabarraren eta Menchu Lamas vigotarraren bakarkako erakusketa bana. Bi erakusketa horiek Paraleloan izeneko bi urtez behingo zikloan aurkeztuko ditu Artiumek, honako helburu honekin: pinturan lanean diharduten bi artista ―arte-hizkunten berrikuntzan erabakitasunez parte hartutakoak eta egun ere jardunean dihardutenak― testuinguru berean bat eginaraztea. Bai Santos Iñurrietak (Gasteiz, 1950), bere pintura figuratibo eta biziki narratiboarekin, bai Menchu Lamasek (Vigo, 1954) ongi betetzen dituzte baldintzok, lehenago beste batzuek ―Carmelo Ortiz de Elgueak eta José Luis Zumetak aurrena, eta Luis Gordillok eta Juan Miegek gero― bete zituzten bezala.

Artiumeko 2017ko seigarren erakusketa handia erakusketa hispano-mexikar bat izango da, Artiumek eta Carrillo Gil Museoak elkarrekin ekoiztua, eta Mexikoko Espainiako Kultur Zentroaren ekimen batetik abiatuta prestatuta. Blanca de la Torre eta Carlos Palacios  izango ditu komisario.

Komisario Berriak, Grey Flag eta beste jarduerak
Bestalde, 2017ko urtarrilean, “… tokiren batean finkatzeko behin-behineko modu bat behintzat” izeneko erakusketa bat zabalduko da ―Komisario Berriak arte komisarioak prestatzeko bultzatutako proiektuarena―, DSS2016 kultur hiriburuak Aritumekekin lankidetzan sustatua. Erakusketa bera ―mundu osoko 16 artistaren presentziarekin― eta harekin lotuta prestatutako beste zenbait jarduera Montehermoso Kultur Zentroan aurkeztuko dira, Artiumeko areto handiak eraberritzeko egiten ari diren lanak direla-eta. Gainera, Artiumek bere programa artistikoan mantenduko du Grey Flag, Museoaren kanpoaldean pankarta handi batzuk ―erakusketarako propio enkargatutako artelan batzuetatik abiatuta egindakoak― erakusgai jarrita.

Jardueren programazioari dagokionez, Artiumek, 2017an, erreferentzia-toki bat izaten jarraitu nahi du Gasteiz, Araba eta Euskadiko kultura garaikidearentzat. Ildo horretan, Museoak hitzaldi, lantegi, ikastaro, zinema, musika eta arte eszeniko eskaintza propioa mantenduko du. Azkenik, Artiumek lankidetza-harremanak estutuko ditu beste kultur eragile batzuekin, hala nola, Azala Espacio gunearekin, Mugako, inTACTO, Bernaola, Korterraza eta Cortada jaialdiekin, Kubik Aretoarekin, eta abar.

Prentsarako irudiak

Artiumen 2017ko erakusketak
Liliana Porter. Inaugurazioa: apirilak 7
Juan Pérez Agirregoikoa. Inaugurazioa: apirilak 12
Artea eta (artearen) sistema. Artium Bilduma. Inaugurazioa: apirilak 26
Santos Iñurrieta (Paraleloan zikloa). Inaugurazioa: irailak 29
Menchu Lamas (Paraleloan zikloa). Inaugurazioa: irailak 29
Sorkuntza hispano-mexikarra egun. Inaugurazioa: urriak 20

Artium gizarte-sareetan

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand