Astelehena, 05 Abendua 2016 16:01

Abenduan ez-fikziozko zinemari buruzko ikastaro bat hasiko da Artiumen, Garbiñe Ortegak emana

Bisita gidatuen programa berezi bat du Museoak Erakusketa-aretoetan lanak egin bitartean. Eguberrietako oporretan familientzako gune bat eta lantegi irekiak ere izango ditu. Zinema, musika, komikiak, Blanca de la Torreren hitzaldi bat eta Espazio bizia eta Komikiak zientziaz jantzi dira erakusketak Artiumen bisitarientzat

Artiumen, Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoan, ez-fikziozko zinemari buruzko ikastaro bat hasiko da abenduan, Ez da errealitatea, baina izan liteke, Garbiñe Ortegaren proposamen bat genero horren ezaugarriak eta haren aldaera batzuk ezagutzeko. Lau saio teorikok eta zinema mota horretako beste hainbeste pelikula ezagunen proiekzioak eta analisiak osatzen dute ikastaroa. Zabalik dago izena emateko epea. Bestalde, abenduan ondokoek osatuko dute Artiumen jarduera programa: bisita gidatuak Museoaren historia eta arkitektura berezia ezagutzeko, familientzako lantegiak, Blanca de la Torreren hitzaldi bat, musika, komikiak, zinema eta Eguberrietako proposamen berezi bat. Gainera, erakusketa-aretoetan berritze-lanek iraun bitartean, Espazio bizia. Grey Flag 2012-2016 eta Komikiak zientziaz jantzi dira erakusketak izango dituzte bisitariek ikusgai.

Lau saiotan banatuko da Garbiñe Ortegak emango duen ez-fikziozko zinemari buruzko ikastaroa. Saio teorikoen osagarri genero horretako pelikula ezagunen zatiak proiektatuko dira eta hurrengo egunean pelikula osoak. Abenduan, urtarrilean, otsailean eta martxoan, hil bakoitzean, hurrenez hurreneko bi egunetan, generoaren adigai nagusiez arituko da lehendabizi Garbiñe, eta hurrengo egunean alderdi teorikoaren edukiekin zerikusia duen pelikula bat aurkeztuko du.

Ez da errealitatea baina izan liteke ikastaroan ez-fikziozko zinemaren jatorriak ezagutuko dira eta era bateko eta besteko definizioak, azpi-generoak, dokumentalen generoan ikuspegi subjektiboa nola erabiltzen den eta gaur egungo dokumentaletan fikzioaren eta ez-fikzioaren arteko mugak. Hautatutako pelikula guztiak azken hamarraldi honetan eginak dira: Lois Patiño-ren Costa da Morte, Andrés Duque-ren Oleg y las raras artes, Sergio Oksman-en O futebol eta Pietro Marcello-ren Bella e perduta. Saioak abenduaren 14an eta 15ean, urtarrilaren 11n eta 12an, otsailaren 15ean eta 16an eta martxoaren 1ean eta 2an egingo dira. On-lineko izen-ematea zabalik dago Artiumen webgunean.

Garbiñe Ortega zine esperimentalean eta ez-fikziozkoan espezializatuta dago eta ondoko erakunde eta jaialdietarako komisariotza-lanak egin ditu: Anthology Film Archives (New York), San Francisco Cinematheque, La Casa Encendida (Madril) eta Tabakalera (Donostia). Mexikoko Festival Ambulante-ren programazio-zuzendaria izan da 2014an eta 2015ean, irakasle gisa lantegi eta ikastaro asko eman ditu zinemaren historiari eta filmen analisiari buruz Euskal Herriko Unibertsitatean, eta ikus-entzunezko hezkuntza proiektuak diseinatu ditu Donostiako Zinemaldirako.

Zinemarekin loturik, Zinema eta arte garaikidea adinekoentzako programaren saio berri bat eskainiko dute Artiumek eta Mejora Fundazioak abenduaren 13an, asteartea. Lehenik, El amor es extraño proiektatuko da, Alfred Molina eta John Lithgow protagonista dituena, eta, gero, pelikulari buruz hitz egin eta Museoan ikusgai dauden artelan batzuekin lotuko da. Artiumen Liburutegian, bestalde, Volker Schlöndorf-en El joven Törless dago hil honetan ikusgai (beti bezala bakarka ikusteko aukerarekin), eta baita hari buruzko informazio zabala ere. Liburutegiaren erabiltzaileentzat Guy Delisle kanadiarraren komi-sorta zabala aukeratu da, gainera. Komikigile horrek komiki-lan onenaren saria jaso zuen 2012an Angulemako komiki-lehiaketan.

Erakusketak, bisita gidatuak, Eguberriak...
Bestalde, eta jakina denez, erakusketa-aretoak berritzeko lanak egiten ari gara Artiumen, eta martxoaren bukaerararte iraungo dutela aurreikusten da. Hala ere, Museoaren erabiltzaileek badute zer ikusia. Nahiz kanpoan nahiz barruan beti ikusgai dauden Bildumako lanez gainera, ondokoak dituzte ikusgai: Komikiak zientziaz jantzi dira, Liburutegian, eta Espazio bizia. Grey Flag 2012-2016, Museoko Atari aretoan. Azken erakusketa horrekin loturik, hain zuzen ere, Blanca de la Torrek 2014 urtera arte Grey Flag-en komisarioa izan zenak, hitzaldi bat emango du abenduaren 20an. Artiumeko programa berezi horren jatorriaz eta bertan parte hartu duten artistak aukeratzeko irizpideez mintzatuko da Blanca de la Torre.

Doako bisita gidatuen programa ere Museoaren behin-behineko egoerara egokitu da eta, hala, bisitariek Artium Bildumako artelan batzuen xehetasun ezezagunak eta soto-museo honen lur-azpiko arkitektura bereziaren zoko-mokoak ezagutzeko aukera izango dute. Bisitak asteazkenean, 18:30ean, eta igandean, 12:30ean, egingo dira.

Beti bezala egingo dira familientzako igandeetako programak ere, hau da, Artium txikia eta Good Morning Artium! Eguberriak arte. Oporretarako, familientzako gune berezi bat prestatu du Artiumek; bertan, hezitzaile batek zuzendutako lantegi ireki dibertigarri batzuk egingo dira. Gune hori eta lantegiak opor guztietan egongo dira zabalik, ondoko egunetan izan ezik: abenduaren 24an, 25ean eta 31n, eta urtarrilaren 1ean, 2an eta 6an.  

Azkenik, Aitzina Folk 2016 Jaialdiaren saio batzuk ere Museoan egingo dira; besteak beste, musika tradizionalaren eskolen lehen topaketa, eta baita lantegiak eta kontzertuak ere. Abenduaren 10ean (larunbata) eta 11n (igandea) izango dira.

Interesatuek Artiumen webgunean aurkituko dituzte jarduera-programa honen xehetasun guztiak, eta baita Museoak hilero argitaratzen duen agendan ere. José Luis Merino-k egin du abenduko agendaren azala, eta La calavera cotidiana izena eman dio. Mery Cuesta artistak koordinatu eta hautatu ditu hileroko agenda horien azalak irudiztatu dituzten lanak. «Dena hutsalkeria» delako ideia goiburu harturik eta Roberta Marrero, Luis Feo, Pauline Fondevila edota Raisa Álava artisten parte-hartzearekin, Cuestak «Barrokoan hasi eta gaur arte burezurraren sinboloak izan dituen esanahi ugariak» erakutsi dizkigu.

Artium jarduerak  Artium erakusketak

Museoko erakusketa-areto nagusietan berritze-lanak egiten arituko gara 2017ko martxora bitartean.
Museoaren erabiltzaileek, kultura-jarduera programa zabal batez gainera, ondoko guneak izango dituzte bisitatzeko:
Artiumen Atari aretoa («Zuk nahi duzuna» tarifa): Espazio bizia. Grey Flag 2012-2016
Museoaren kanpoko aldean eta sarrera nagusian beti ikusgai dauden Artium Bildumako lanak (doakoak)
Mintegi aretoa – Artiumen Liburutegia (Liburutegiaren ordutegia; sarrera doan): Komikiak zientziaz jantzi dira. Erakusketa bibliografikoa
Museoko denda ere zabalk dago

Artium gizarte-sareetan

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand