Osteguna, 24 Azaroa 2016 13:43

Espazio bizia erakusketa aurkeztu du Artiumek, 2012. urtetik hona Grey Flag programa osatu duten artelanekin

Ikusgai dauden 19 piezak izan dira Museoaren Ekialdeko fatxadaren bi muturretan zintzilik egon diren pankarten sorburu. Krisialdi garaiko gizarte-eskakizunen adierazpide izan dira pankartak: artearen eta kulturaren beharra, etorkizunarekiko itxaropena berreskuratzekoa, erkidegoaren balioa… Artista askok parte hartu dute, hasi Kepa Garrazarekin eta Judas Arrietarenganaino: Laurina Paperina, Artemio, Txaro Arrazola, Martin & Sicilia, Sandra Gamarra, Ixone Sádaba, Edurne Herrán…

Artiumek, Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak Espazio Bizia. Grey Flag 2012-2016 aurkeztu du (Atari aretoa, 2016ko azaroaren 25etik 2017ko urtarrilaren 22ra), azken bost urte hauetan Grey Flag programan parte hartu duten 19 artistaren beste hainbeste artelan bildu dituena. Krisialdi garaian artearen beharra aldarrikatzeko sortu zen programa, baina gero, Museoaren Ekialdeko fatxadan zintzilikatu diren pankartetan beste gizarte-eskari batzuk egiteko ere erabili dira, esate baterako, nonbaiten «berriz bizitzea» mehatxua kalera botatzea denean, itxaropena berreskuratzea edota erkidegoaren balioa, gizarte-aldaketen erdian. Artiumek ekoitzi du erakusketa, Enrique Martínez Goikoetxearen komisariotzapean. Grey Flag programak Mario Legorbururen babesa du. Artiumen Atari aretoan sartzeak «Zuk nahi duzuna» tarifa du.      

Kultura ekonomiaren krisiaren ondorioak jasaten ari zen egoera batean sortu zen Grey Flag programa, eta gizarte aurreratuen ezinbesteko balio gisa zuen iritzi ona galtzen ari zela. Kulturaren eta artearen aldeko mezu ozen eta garbi bat igortzeko beharra zegoela ikusirik sortu zen, beraz. Pankarta itxura hartu zuen proiektuak, Museoaren Ekialdeko fatxadan kokatutako 10 x 10 metroko olana erraldoi batean gauzatua.  

Eraikin publikoa komunikazio-eragile bizi bihurtu zen hala, hiriaren testuinguruan. Museoak, analisirako eta gogoetarako guneak, mezu sarkor bat igortzen zuen, artearen mundutik, ohartaraziz, arazoen berri emanez, probokatuz eta bizitza publikoan parte hartuz, gizartea gogoeta egitera bultzatzeko. Olana hura, Kepa Garrazaren artelan batean oinarrituta egina, mezu-kate baten hasiera izan zen, Museoaren fatxadan oraindik ere bizirik dirauena.   

Harrezkero, hemeretzi artistak artelan bana egin dute programa horretarako, eta ozenki aldarrikatu dituzte artearen eta kulturaren beharra, etorkizunarekiko itxaropena berreskuratzearen beharra, erkidegoaren garrantzia gizartea eraikitzeko eta artearentzat askatasun-esparru bat izatearen garrantzia. Pankarta guztien oinarrian dauden artelanak ikusgai daude orain Museoaren Atari aretoan, Kepa Garraza, Juan Pérez Agirregoikoa, Laurina Paperina, Artemio, Priscila de Carvalho, Sandra Vásquez de la Horra, Txaro Arrazola, Regina de Miguel, Carlos Irijalba, Edurne Herrán eta Judas Arrieta artistenak, besteren artean.

Eragile publikoen eta pribatuen arteko lankidetzaren bidez ondarea sortzeko berrikuntza-saio bat izan da, gainera, Grey Flag. Mario Legorburu bildumagilearen parte-hartzeari esker burutu ahal izan da programa. Izan ere, irizpide berbera dugu arteari eta arteak gizartearen bilakaerarako duen ahalmenari buruz. Bestalde, artisten konpromisoak eta haien galeristen konplizitateak ere asko lagundu du ideia mamitzen. «Interes multzo bat, jarduteko eredu gero eta parte-hartzaileago eta, derrigorrean, gardenago bat, gure gizartearen testuingurura artearen eta kulturaren beharra ekartzeko helburua duena eta, ahal den neurrian, itxaropena itzultzekoa eta gure gizarte honi bizileku erosoago bat eskaintzekoa».

"Azken urteotan, kalea, Museoaren fatxadak espazio biziak izan dira, gogoeta indartsuen sortzaileak. Krisian dagoen inguru batean artearen eta kulturaren beharra aldarrikatzea, eta esparru publikoa herritarrentzat berreskuratzea, horra programa horren abiapuntua, oraindik ere bizirik dagoena. Grey Flag osatzen duten pankartek gizartearekiko eta artearekiko konpromisoa dira, ahotsa ematea, ikusgai egitea, guztion gogoetei eta ezkutuan daudenei irudia eta hitza ematea"…

Espazio bizia. Grey Flag 2012-2016 

Erakusketa
Espazio bizia. Grey Flag 2012-2016
Artiumen Atari aretoan, 2017ko urtarrilaren 22ra arte
Komisarioa: Enrique Martínez Goikoetxea
Grey Flag programak Mario Legorbururen babesa du
Artistak: Kepa Garraza, Juan Pérez Agirregoikoa, Laurina Paperina, Artemio, Francesc Ruiz, Ruth Gómez, Martín & Sicilia, Alain Urrutia, Priscila de Carvalho, Sandra Vásquez de la Horra, Txaro Arrazola, Regina de Miguel, Ixone Sádaba, Javier Arce, Sandra Gamarra, Carlos Irijalba, Edurne Herrán eta Judas Arrieta
Sartzeko tarifa: «Zuk nahi duzuna»
Hitzaldia: Blanca de la Torre. Abenduaren 20an, asteartea, 19.30ean
Artiumek, Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak (Vitoria-Gasteiz, Araba) ekoitzi ditu Grey Flag programa eta Espazio bizia erakusketa

Museoko erakusketa-areto nagusietan berritze-lanak egiten arituko gara 2017ko martxora bitartean.
Museoaren erabiltzaileek, kultura-jarduera programa zabal batez gainera, ondoko guneak izango dituzte bisitatzeko:
Artiumen Atari aretoa («Zuk nahi duzuna» tarifa): Espazio bizia. Grey Flag 2012-2016
Museoaren kanpoko aldean eta sarrera nagusian beti ikusgai dauden Artium Bildumako lanak (doakoak)
Mintegi aretoa – Artiumen Liburutegia (Liburutegiaren ordutegia; sarrera doan): Komikiak zientziaz jantzi dira. Erakusketa bibliografikoa
Museoko denda ere zabalk dago

Artium gizarte-sareetan

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand