Grey Flag 2018-2019. Palinpsestoa

Hasiera: Osteguna, 2018(e)ko Irailaren 20a

Amaiera: Igandea, 2019(e)ko Uztailaren 28a

Artearen Historiako maisulanetara hurbiltzea proposatzen du Artiumek artearen eta komikien hizkuntzatik abiatuta.

Esparru bateko eta besteko egileen proposamenak txandakatuko dira ibilbide honetan zehar, elkarrekin biziz, besterenaz jabetzearen teknikaren bidez. Elkarrizketa mota horrek, berez, zalantzan jarri, baloratu, aztertu edo kritikatu egiten du jasotako kultur ondarea. Eztabaidak inguratu izan du beti jarduteko modu hori, ez baitator bat gure jakintza kolektiboaren sistemarekin —egilearen ikuspegi erromantikoa, norbanakoaren jenioa, jabetza, artea balioztatzeko sistema, erakundea edota ustiapen ekonomikoa bera—, eta historiarekiko elkarrizketa ireki bat proposatzen du ordainez, irudi horiek semantikoki birsortzeko. Jardun horrek badu zerikusirik botere-modu errotuei aurre egiteko bektoreak eskaintzearekin.

Mauro Entrialgo. Sugetxoa. Joaquín Sorollaren El Balandrito-ren interpretazioa

Mauro Entrialgo Vitoria-Gasteizen jaio zen, 1965ean. Badira bi hamarkada El Jueves-en lan egiten duela, eta TMEO aldizkariaren kide-sortzaileetako bat da. Berrogeita hamar komiki-liburu baino gehiago argitaratu ditu, dozena erdi bat disko grabatu du, lau antzerki-lan estreinatu ditu eta film komertzial bat idatzi du. Muralak ere margotzen ditu, etxeko bideo-arteko piezak editatzen ditu eta urteak daramatza umore-diskurtsoaren eraikuntzari buruzko teoria-proposamen bat lantzen. Hala dio haren bisita-txartelak: «besteak beste, marrazkilaria».

Sugetxoa-n, Mauro Entrialgok Joaquín Sorolla-ren El Balandrito (1909) lana berrinterpretatu eta eguneratu du divertimento grafiko pop baten tankeran. Sorollaren margolan ezagunenetako bat da hori, eta haren lanaren adibide bikaina, non sentipenak baitira protagonista. Mauro Sorollaren naturalismotik urruntzen da haren antipodetan kokatuz. Hala, irudikatutako haurraren pentsaera magikoa islatzen du.

Hautaketa eta testua: Iñaki Larrimbe

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand