Oroi. Queda mucho pasado por delante

Hasiera: Ostirala, 2018(e)ko Irailaren 21a

Amaiera: Igandea, 2019(e)ko Abuztuaren 25a

Lekua: Hegoa Aretoa

Bilduma guztiak dira denbora baten oroitzapena, zibilizazio batek baliotsutzat jotzen duen guztiaren irudikapena: bere kultura, artea, teknika, materialak, nortasunak eta kontzeptuak…

«Denbora iraganak eta etorkizunekoak xede bera dute beti, beti orainekoa». (T.S. Eliot, Cuatro cuartetos; gaztelaniatik itzulia)

Oroi. Queda mucho pasado por delante erakusketak orainaren memoria askotariko eta konplexuaren irudi gisa jartzen gaitu aurrez aurre Artium Bidumarekin. Memoria horrek eratzen gaitu persona gisa, hark ematen dio gorputz mintzairari eta irudikapenari, denborari eta dokumentuari, igarkizunari eta aieruari. Erakusketak Bildumako 102 artelan biltzen ditu, askotariko inplikazio sozial eta kulturaletatik memoriari heltzen dioten analisirako tresnak, historiarekiko, ekonomiarekiko edo boterearekiko harremanean.

Artelan esaten diegun objektu horiei erantsitako memoriaren berezko balioak aztertzeko beharra da proiektuaren abiapuntua; nola eratzen den bilduma baten aberastasuna eta, bereziki, nola mantendu ondare horren barruan bildutako konplexutasuna, intentsitatea eta igarkizuna estamentu politiko, ekonomiko, kultural eta aisialdikoek sinpletasunerako, diskurtsoaren adierabakarrerako isuria duten testuinguru honetan, pluraltasunean, pentsaeraren askatasunean, ezagutzan eta kritikan oinarritutako balio-sistema krisian jarriz. 

OROI hitza esparru semantiko oso zabal askotariko eta ireki baten oinarri etimologikoan dago. Bestalde, izenburu-lagunak —Queda mucho pasado por delante ‘iragan asko geratzen da aurrean’— memoriaren esparru zehaztugabe batera garamatza, iragan baten memoria, baina etortzeko dagoen denbora batean kokatua. Zehaztugabetasun horrek, dudarik gabe, beste une batera garamatza, ez iraganera eta ez etorkizunera, orainera baizik, denboren konplexutasunean, aldiberekotasunean eta gainjartzean kokatua.

Jarraitu irakurtzen

Erakusketa lau sailetan banatu da: memoriaren inguruko orainaren konplexutasunei buruzko lau espekulazio.

Memoriaren egitura. Memoriaren izaerari dei egiten zaio Bildumako artelan askoren esanahi-geruzen artean. Orainaren konplexutasuna, iraganarekiko obsesioa, historiaren palinpsesto inplizitua, identitatearen inguruko diskurtsoak edota etorkizun kolapsatu bati buruzko gure larritasunak hurbilketak dira, memoriaren kontzeptua lehen planora dakartenak. Memoria-geruza horien guztien aldiberekotasunak, haien konplexutasun fisiko-filosofikoak osatzen du erakusketaren lehen kapitulua. Ikuspuntu horretatik, memoriaren sakontasuna, haren gaitasun errizoma erakoa eta oroitzapenen eguneroko kudeaketarekin zerikusia duen esparru emozional batekiko lotura aipagai duten artelanak aurkeztu dira.

Memoria politikoa. Historiaren kontakizunak. Orainarekiko loturatik abiatuta, memoria historikoari buruzko eztabaidak eta, gure inguru hurbilenean «kontakizunaren borroka» esaten zaionak, lehen planoan jarri dute berriz ere memoria politiko-sozialaren kontzeptua; eta eztabaida hori, askotan, batzuek edo besteek beren burua ezagutzen ez duten kontakizun baten inposaketarekin amaitzen da. Bi aldetatik heldu zaio egoera horri. Alde batetik, instalaziotik, elkarrekin borrokan dauden oroitzapenen elkarrekikotasun ikoniko markatuekin, askotan ezkutuan mantendu den hura agerian jartzeko asmoz. Bestetik, era askotako interpretazioak egiteko aukera ematen duten esanahi irekiko artelanekin. Bigarrenen bidez erakutsi nahi izan da nola itxuratzen duten ideologiek gure oraina.

Antimonumentuak eta oroitzapen-aurkakoak. Memoriaren erabilera politikoak era askotakoak dira eta, askotan, botere, erkidego, nazio edo estatu jakin bati zilegitasuna ematen dioten historiaren bertsio ofizial bati loturik egoten dira. Monumentuak, oroigarriak, oroitzapenak… iraganeko gertakizun jakin bat hartu eta instituzionalizatu egiten dute, haren interpretazioa finkatuz egia eztabaidaezin bihur dadin. Jarrera hori irauli egingo da artearen mundutik mikroistorioen eta antimonumentuen, artelan zatikatu eta desorekatuen proposamenen bidez. Memoria goraipatzeko sortu diren gune instituzionalen ugaltzeak irudi distortsionatu eta zarata diskordanteetan izango du erantzuna, oraina gainbehera doazen sinboloen, ikono apurtuen aro gisa deskribatzen duten artelanetan. Beren buruak aurkezten dituzten piezak dira, irudikapen sinbolikoak zalantzan jartzen dituztenak eta, beren hauskortasunetik, interpelaziorako eta elkartzeko espazio intimoak aldarrikatzen dituztenak, zalantzan jarriak izateko prest daudenak, batere ez heroikoak, argi eta garbi antimonumentalak. Erakusketako artelan garrantzitsuenetako batean heltzen zaio memoria intimoari memoriaren tenplua den museoarekiko harremanean, trukerako eta hartu-emanerako guneak piztuz.

Malenkonia vs nostalgia. Litezkeenen proiekzioa. Mario Perniolak zenbait aldi proposatu ditu Mendebaldeko zibilizaziorako, iraganarekin, orainarekin eta etorkizunarekin dugun harremanaren arabera. Hiru aldi aipatzen ditu: lehenak, Frantziako iraultzara artekoak, iraganaren ezagutzan oinarrituko luke oraina eta etorkizuna ulertzeko gaitasuna. Bigarrenak, Bastilla menderatu eta XX. mendearen 60ko hamarkadara artekoak, batez ere futuristak, etortzeko dagoen etorkizun baten baitan —betiere garai hobe baten itxuran— utziko lituzke hala iragana nola oraina. Eta, azkenik, gaur egungoan, oraina da nagusi, aldiberekotasuna eta bat-batekotasuna izanik balio behinenak. Hirugarren horretan, zalantzan kateatuta geratzen da etorkizuna, eta ikuspegi apokaliptiko bat inposatzen da, iraganarekiko begirada akritiko, nostalgiko batekin, reenacments direlakoak, kopiak, emulazioak, berrinterpretazioak, musika-talde nostalgikoak eta itxurazko patinak berpiztuz.

Nostalgiaren aurrean, atal honetan jarrera sail bat identifikatzen da, malenkonian kontzientzia-egoera bat aurkitzen duena, konbentzioekiko eta egungo statu quo-arekiko kritikoa, stand by-an dagoena, baina potentzialtasun handikoa, munduan egoteko modu berrien bila. Haietan, zentzumenen diskurtso batzuetatik eta besteetatik hainbat balio jorratzen dira: zientzia, filosofia, ekologia, iraunkortasuna…

Albert Shultz-ek zioen bezala, historia informazioa baldin bada, memoria komunikazioa da, eta besteekiko gure harremanean osatzen da, esperientziez hitz egiteko aukera ematen digun edozertan. Memoria bizi eta konplexua orainean, eta guztiz beharrezkoa, etorkizuneko espazioak eraikitzeko.

Artistak: Ignasi Aballí, Elena Aitzkoa, Vicente Ameztoy, José Ramón Amondarain, Guido Anderloni, Cecilia Andersson, Ibon Aranberri, Judas Arrieta, Txomin Badiola, Jordi Bernadó, Ramón Bilbao, Elena Blasco, Bleda y Rosa, Jacobo Castellano, Colectivo Cambalache, José Dávila, Jiri Georg Dokoupil, Pep Durán, Mirari Echávarri, Joan Fontcuberta, Susy Gómez, Abian González Francés, Eduardo Hurtado, Aldo Iacobelli, Carlos Irijalba, Iñaki Larrimbe, Abigail Lazkoz, Miki Leal, Mateo López, Isidro López Aparicio, Rogelio López Cuenca, Cristina Lucas, Mateo Maté, Asier Mendizabal, Elena Mendizabal, Haroon Mirza, Pedro Mora, Juan Luis Moraza, Moris, Antoni Muntadas, Jorge Oteiza, Benjamín Palencia, Alberto Peral, Javier Pérez, Txuspo Poyo, Concha Prada, Sergio Prego, Gonzalo Puch, Miguel Ángel Ríos, Pedro G. Romero, Francisco Ruiz de Infante, Ixone Sádaba, Ignacio Sáez, Avelino Sala, Fernando Sánchez Castillo, Olve Sande, Richard Serra, Adolfo Schlosser, José María Sicilia, Fernando Sinaga, Antoni Tàpies, Francesc Torres, Darío Urzay, Javier Vallhonrat, Joana Vasconcelos, Azucena Vieites, Darío Villalba, Robert Waters, B. Wurtz.

Erakusketaren liburuxka  Lan zerrenda  Inaugurazio-programa  Entzun ezazu erakusketaren playlist Spotify-n 

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand