Galduaz eta berreskuratuaz

Hasiera: Ostirala, 2019(e)ko Ekainaren 07a

Amaiera: Igandea, 2019(e)ko Irailaren 15a

Eskultura multzo bat eta haiek irudikatzen dituzten margolanak jarri ditu ikusgai egileak, artearen testuingurua omentzen —edota satirizatzen— eta kontsumismoa kritikatzen dituzten gailuak

Komisarioa: Daniel Castillejo
Ekoizlea: Artium Museoa

Javier Hernández Landazabal (Vitoria-Gasteiz, 1959) marrazkilari, ilustratzaile eta, bereziki, margolariaren ibilbide artistikoa errealismoarekin lotuta dago modu egoki eta arruntean. Azken hiru hamarkadetan landu du teknika hori, egungo artearen eta sortzeko prozesuaren analisi eta kritikarekin nahasturik. 

Artista honen ekoizpena, epe luzekoa, beti izan da zaindua, geldia eta arretatsua, eta ale kopuru mugatu bat da horren emaitza. Galduaz eta berreskuratuaz erakusketan, ekoizpen horren zati berezi bat aurkezten du, hamar eskultura eta haietako bederatziren margolanak —hamargarrena bildumagile pribatu batena da eta ezin izan da aurkitu—,1993tik aurrera eginak. Guztiak daude modu geldi eta arretatsuan landuak, eta prozesuaren konplexutasuna ez da bazterreko elementu bat. Horren emaitza «instalazio» txit barroko, dramatiko eta teatralak dira.

Txinparta batekin hasten da dena, berez, ustekabeko bulkada batekin, eta horri, gailu mekaniko bat pixkanaka sortuz erantzuten dio artistak, denboran zehar berreskuratu eta bildumatutako objektuen hiru dimentsioko collage batekin. Guztiak, aurrez pentsatutako plan bati jarraiki, metodikoki mihiztatuak eta motor elektrikoei zein malgukidunei lotuak daude, eta, gainera, airearen edo musikaren erako eragile gonbidatuek ere parte har dezaketela. Mugimendu mekanikodun tramankulu bat da, koreografia errepikakor eta hipnotiko bat egiteko gai dena. Erakusketa honetan aurkezten diren hamar makina harrigarrietan elkarrekin bizi dira herri kulturako— Mickey sagua, Bugs Bunny untxia—, artearen historiako —El Bosco, Duchamp, Picabia— eta artistaren bizitzako ikonoak.

Objektuaren eraikuntzaren eta hura mihisean irudikatzearen artean, Hernández Landazabal-ek bitarteko ekintza bat sartzen du. Artistak ez du errealitatetik margotzen. Bere prozesuak beste irudikapen-pausu bat eskatzen du: perspektiba, argia eta eszenaratzea ongi aztertutako argazki zaindu eta neurtu bat. Argazkiak hirudimentsiokotasunaz gabetzen du, mugimenduaz, gaitasun metaforikoaren zati batez eta artistak ukitutako objektuaren auraz. Hain zuzen ere irudi izoztu eta gabetu hori da margolariaren eredua baina, nolanahi dela ere, hark beti dauka ikusmenean jatorrizko makina.

Margolana da prozesuaren amaiera. Lihoaren gaineko margolana, errealista eta barrokoa, Javier Hernández Landazabalen ezaugarria den pausu astiro eta arretatsuaz egina. Hala amaitzen da paradoxa eta egiantzekotasunen jolas bat, non parte hartzen baitute errealitateak —zentzugabea irudituta ere— eta haren irudi margotuak —oso errealista izanda ere.

Jorge Luis Borgesen El tango izeneko poema batetik hartu da Galduaz eta berreskuratuaz erakusketaren gaztelaniazko izena. Argentinar idazleak izenak, tokiak eta objektuak ahazmenetik «en el cordaje/de la terca guitarra trabajosa» berreskuratzen dituen bezala, Hernández Landazabalek oroimenaren totem horiek eraikitzen, eszenaratzen eta margotzen ditu, ikonoen nahaspila zentzugabea, iraganaren eta orainaren elkartzea, errealitateari eta irudikapenari, hizkuntzari, arteaz mintzo den arteari eta denboraren iraganari buruzko galdera zahar eta konplexuak berriz egiteko.

Margolaritzaren eta eskulturaren arteko egokitasun-joko sotil horretatik, Javier Hernández Landazabalek seinaleak bidaltzen dizkio ikusleari bere mundua interpretatzeko moduari buruz, paradoxaren, sarkasmoaren, kritikaren, ironiaren, hitz-jokoen, aipamen jaso eta herrikoien eta halako nihilismo baten bidez.

Gai eta baliabide batzuk eta besteak artelanen izenburuetan ere agertzen dira aipatuak: La suerte y la muerte, Arte-ficio dadá, Tiempo muerto, L’esprit de l’escalier… Azken horretan, esate baterako, giza-burezur bat agertzen da liburu baten gainean, biak esku-eskailera baten goiko aldean kokatuak, bonbilla baten argitan. Eskaileraren espirituak —hala azaltzen du Antonio Altarribak erakusketaren katalogorako testuan— beranduegi bururatzen den ideia distiratsua du aipagai, erantzutea ezinezkoa den unea, «aukera galduaren aurrean gaude, jada argirik eman ezin duen distiraren aurrean, hil ondoren pizten den bonbillaren aurrean».

Nolanahi dela ere, era askotara uler daitezke Hernández Landazabalen artelan hauek, nahiz artearen eta haren interes-multzoen ikuspegitik, nahiz bizitzaren beste esparru batzuetatik: transzendentzia, bizitzaren eta heriotzaren zentzua, kontsumismoa, gehiegizko hondakin-ekoizpena, zaharkitze programatua…

Erakusketaren liburuxka  Aretoko testuak  Artistari buruzko informazioa DokuArt-en 

Inaugurazio-programa 

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand