Jacobo Castellano. riflepistolacañon

Hasiera: Ostirala, 2019(e)ko Otsailaren 08a

Amaiera: Igandea, 2019(e)ko Maiatzaren 19a

Erakusketan 1999tik gaur arte egindako lanak aurkezten dira

Komisariotza: Javier Hontoria

Jacobo Castellanoren erakusketa honen izenburuak (riflepistolacañon) bisitariak aretoan sartu eta berehala aurkituko duen marrazki batean du jatorria. Haur batek egindakoa da eta orain urte batzuk aurkitu zuen artistak kalean. Marrazkian zenbait arma agertzen dira, gerra-artxibo bat balitz bezala. Haur batek idatziko eta ahoskatuko lukeen eran idatzi da «riflepistolacañon», gramatikaren zehaztasunaren axolarik gabe, ahotik jaurtita bezala. Jacobo Castellanoren lanaren zati garrantzitsu batek irudi zital eta zatikatuz betetako haurtzaroko oroimenetan du jatorria. Irudi horiek, neurri handiagoan ala txikiagoan lausotuak, behin eta berriz agertzen dira haren lanean, eta jardunean daramatzan ia hogei urte hauetan gure herriko eskultura-lanen gorputz berezienetako bat eratzen lagundu dute.

Sevillako Arte Garaikidearen Andaluziar Zentroarekin batera ekoitzi da, non ikusgai egon baitzen joan den udan. riflepistolacañon-ek nahiko garbi erakusten du Jacobo Castellanok bere lehen saioetatik —Granadako Unibertsitatean ikasketak amaitu berritan— gaur egunera arte —txatalak eta hondakinak gainditzeko jardun batean oinarritua— izan duen bilakaera. Inoiz erabili edo bizitako tresna- eta arkitektura-zati ezegonkorrak, nahaste hauskor eta konplexuetan muntatzen zituenak, alde batera utzi ahala, gaur egun haren lanaren ezaugarri ezaguterrazena dena inposatuz joan da: beren historia duten objektuak beste testuinguru batean kokatzeko duen sen aparta, eta horiek gai gogor et sendo batekin —egurra ia beti, artistaren beraren gorputza gogora dakarren gaia— nahasten diren modua. Azken urteotan elkarren kontrako bi jardun tenkatzen dituen egiteko modu bat zehaztuz joan da, zuraren tratamendua eta objektuak aurkitzea. Nolanahi dela ere, Jacobo Castellano aspertuta dago «aurkitutako objektu» kontzeptuarekin, gure testuinguru artistikoan hain higatuarekin, bere esanetan erabakitasunez bilatzen baitu gero azkenean aurkitzen duena, eta bilatzen duenak oroimenaren iheskortasunarekin berriz lotzeko borondatearekin baitu zerikusia.  

Jarraitu irakurtzen +

riflepistolacañon erakusketan 2000ko hamarkadako lehen urteetatik gaur arte egindako lanak aurkezten dira. Atzera begirakoa da, baina horrek ez du esan nahi prozedura kronologikoen arabera antolatu denik. Aitzitik, haren lanaren irakurketa malgu eta moldakor gisa planteatu da, espazioak erdigune bat daukala, barrutegi bateko ate birakari bat —Artiumerako espresuki egindako lana—, zeinaren inguruan giltzatzen baita ibilbide osoa. Espazio horretarantz eta handik hasita daude kokatuta artelanak, kontzeptuzko, narraziozko zein formazko asoziazioen arabera, giro komun bateranzko lerradura bilatuz. Bi lan daude lehen aipatutako muturretan. Alde batetik Casa I, ARCOren 2006ko edizioan, María de Corral-ek komisariatutako 16 Proyectos de Arte Español atalean aurkeztua eta, bestetik, Izenik gabe (Proyector con olivo) ezizendun 2018koa, artistaren aitonak Villargordon, Jaénen, familiak uda igarotzen zuen herrian, izan zuen zinemako proiektore handia. Casa I udako etxe haren zatiak dira, egitura dardarati eta arin batera igaroak, haren parte baldin badira ere ateak edo egitura arkitektonikoen pusketak. Oroimena irudi eta formen metaketa hauskor gisa ikusten zen artistaren ibilbidearen une batekin lotuta dago pieza. Garai horretakoak bertakoak dira argazkiak ere, eta ez dira inondik ere garbiak edo gardenak han irudikatzen diren gauzak, dena nahasten duen mintz beirakara batek estaliko balu bezala guztia. Urte asko lehenago Madrilen instalatzean izandako kokaeraz zertxobait desberdina izan zuen Casa I-ek Sevillan muntatu zenean, baten oroimenean dena iraungipen saihetsezinaren mende balego bezala edota, gutxienez, beti aldakorrak diren gertakizun eta interpretazioen mende.

Izenik gabe (Proyector con olivo) beste muturreko pieza bat da izaeraz. Bertan, aitonaren zinema-proiektorea olibondo zahar baten enbor handiarekin mihiztatu da, hori ere Villargordon aurkitua. Halako animalia itxura bat du enborrak, katu itxura bat, eta horrek proiektorearen gelditasunarekin kontraste egiten du, Jaéngo uda errean herriko biztanleei irudiak hornitzen zizkien objektu zaharra. Oroimenak ez dio utzi Jacobo Castellanoren lanaren gai nagusia izateari, baina, orduko zehaztugabetasuna gainditurik, izaera askotako narrazioak taxutzen dituen substratu garbi gisa hautematen da gaur.   

Denboraz eta itxuraz elkarrengandik oso urrun dauden bi pieza hauen artean, Jacobo Castellanoren lana bere oroimen pertsonalekoak diren motiboetara itzuli da, hala nola haurtzaroan eragin handia izan zuen laktosarekiko alergiara, adibidez, edota taldekoetara, esate baterako andaluziar Aste Santuko erritu beltzetara. Sarritan jotzen du espainiar arte-tradiziora, ugariak baitira, oihartzun goieskoak, esate baterako, hutsean behera erortzen diren eta «pelele» izenez ezagutzen ditugun gorputz zatitu horietan bezala. Erakusketan bi adibide bikain ditugu, josteta goiesko alaitik adina azken judizio ilunetik duena, mendeetan zehar hainbeste aldiz irudikatua.  

riflepistolacañon-ek esperientziaren izaera etxetiarra finkatu eta gordetzeko ahaleginean sakontzen du. Jardun artistikoetan ikerketa funtsezko metodo gisa inposatzen den garai hauetan, Jacobo Castellanok esperientziaren betikotzean eta norberaren memorian jarri du enfasia ikonografia gisa. Zuraren presentzia saihetsezinak —motibo horiek berreskuratzen beti gogotsu dabilen niaren enblema gisa, sortzen dituenen arrastoa nekez ikusten dugun lan garaikide multzoaren aurka— gure garaiko espainiar eskultura gailenaren buruan kokatzen du artista. 

Inaugurazio-programa Liburuxka  Aretoko testuak 

Irudi sorta

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand