Grey Flag 2018-2019. Palinpsestoa

Hasiera: Osteguna, 2018(e)ko Irailaren 20a

Amaiera: Igandea, 2019(e)ko Uztailaren 28a

Artearen Historiako maisulanetara hurbiltzea proposatzen du Artiumek artearen eta komikien hizkuntzatik abiatuta.

Esparru bateko eta besteko egileen proposamenak txandakatuko dira ibilbide honetan zehar, elkarrekin biziz, besterenaz jabetzearen teknikaren bidez. Elkarrizketa mota horrek, berez, zalantzan jarri, baloratu, aztertu edo kritikatu egiten du jasotako kultur ondarea. Eztabaidak inguratu izan du beti jarduteko modu hori, ez baitator bat gure jakintza kolektiboaren sistemarekin —egilearen ikuspegi erromantikoa, norbanakoaren jenioa, jabetza, artea balioztatzeko sistema, erakundea edota ustiapen ekonomikoa bera—, eta historiarekiko elkarrizketa ireki bat proposatzen du ordainez, irudi horiek semantikoki birsortzeko. Jardun horrek badu zerikusirik botere-modu errotuei aurre egiteko bektoreak eskaintzearekin.

Ana Román. Ebak bekatuaren soinua sentitzen du. Alberto Durero-ren Adam und Eva-ren berrirakurketa

1507an margotu zituen Alberto Durero-k bere bi artelan ezagunenak, gaur egun Pradoko Museoan biak. Ebaren eta Adamen erretratuak edertasunaren, giza proportzio beteginen azterketa formal eta antropologikoa ziren. «Adam eta Eba»-ren gaia, inongo asmo erlijiosotik urrun, gizon-emakumeen gorputz biluziak margotu ahal izateko baliabide bat ziren eta, sagarraren bidez, ezagutzaren eta zientziaren aldarrikapena. Dureroren lanaren xede hori ez dago oso urruti Ana Román-ek Eva siente el sonido del pecado (2018) lanean erakutsi dituen asmoetatik, non espresuki aipatzen baitu bere aurrekoa. Bilbotar egileak gizajendeak behar edo nahi izan duen hura adierazteko eta kudeatzeko erabili du mekanika. Eba makina emakumearen jatorri eta aldarrikapen gisa agertzen da, energiaz eta ahalmenez betetako elementu bat eta, aldi berean, Eduardo López-ek pieza honi buruzko testuan dioen bezala, Errenazimentuko artista alemanaren hutsegite nabarmen bat zuzenduz zilborra ezabatu zaio behin betiko.

Ana Román (Bilbo, 1962), Arte Ederretan lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean. Kasselgo (Alemania) Ghk Unibertsitatean osatu zuen bere prestakuntza. Erakusketa ugari egin ditu jada eta lan artistikoaz gainera lantegi pedagogiko ugari egin ditu bere hiriko museo askotan. Haren proiektuen artean gogora ekartzekoak dira Iron Flowers (2015), Little Box (2013), I am a machine (2011) eta Sweet machine (2007), izenburuetan nabaria dela haren iruditeria. Haren makinetan abangoardien oroimena aurkituko dugu, Balla eta Depero esate baterako, Bauhaus-en eta konstruktibismoaren ikerketa formalak, Duchamp-en eta Picabiaren beraren presentzia; errealitatea ezagutu, zalantzan jarri, hari buruz gogoeta edo «barre» egiteko artelanak dira.

Mauro Entrialgo. Sugetxoa. Joaquín Sorollaren El Balandrito-ren interpretazioa

Grey Flag Mauro Entrialgo La SerpientitaMauro Entrialgo Vitoria-Gasteizen jaio zen, 1965ean. Badira bi hamarkada El Jueves-en lan egiten duela, eta TMEO aldizkariaren kide-sortzaileetako bat da. Berrogeita hamar komiki-liburu baino gehiago argitaratu ditu, dozena erdi bat disko grabatu du, lau antzerki-lan estreinatu ditu eta film komertzial bat idatzi du. Muralak ere margotzen ditu, etxeko bideo-arteko piezak editatzen ditu eta urteak daramatza umore-diskurtsoaren eraikuntzari buruzko teoria-proposamen bat lantzen. Hala dio haren bisita-txartelak: «besteak beste, marrazkilaria».

Sugetxoa-n, Mauro Entrialgok Joaquín Sorolla-ren El Balandrito (1909) lana berrinterpretatu eta eguneratu du divertimento grafiko pop baten tankeran. Sorollaren margolan ezagunenetako bat da hori, eta haren lanaren adibide bikaina, non sentipenak baitira protagonista. Mauro Sorollaren naturalismotik urruntzen da haren antipodetan kokatuz. Hala, irudikatutako haurraren pentsaera magikoa islatzen du.

Hautaketa eta testua: Iñaki Larrimbe

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand