Presta ezazu bisita

Guk lagunduko dizugu bisita prestatzen, Museoko egonaldiari ahalik eta etekin handiena atera ahal izateko informazio garrantzitsua bilduz.

 

Etorri aurretik

Komeni da ordutegia eta Museora iristeko modurik onena zein diren jakitea. Ordutegiari dagokionez gogoan izan behar duzu Museoak 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara zabaltzen dituela ateak asteartetik ostiralera, eta larunbat, igande eta jaiegunetan etengabe dagoela zabalik 11:00etatik 20:00etara.

Nahi baduzu, online eros ditzakezu sarrerak.

Tranbiaren geltokitik hamar minutuan iritsiko zara oinez Artiumera; gainera, lau autobus-lineak lotzen dute hiri osoarekin (L3 Betoño-Zumakadia, L4 Lakua-Mariturri, L8 Unibertsitatea eta L9 Gamarra-Zumakadia). Autobus horiek Frantzia kalean (sarrera nagusitik oso gertu) eta Herrandarren kalean (Museoaren atzean) dituzte geralekuak. Vitoria-Gasteizko autobusen webgunean eta tranbiaren webgunean aurkituko duzu ibilbideei eta gainerakoei buruzko informazio gehiago. Azkenean autoz etortzea erabakitzen baduzu, gogoan izan Artiumen ondo-ondoan aparkaleku publiko bat dagoela.

Ikus nola iritsi orain zauden lekutik (Google Maps)

Eskura dituzun kultura- eta turismo-baliabideei buruzko informazio gehiago izateko ikus ondoko webguneak: Araba Turismoa, Vitoria-Gasteiz Turismoa eta Euskadi Turismoa.

 

Sarrera

Museoaren bai kanpoko eta bai barruko sarrerak egokituta daude gurpil-aulkiekin sartzea errazteko.

Tarifa asko dauzkagu eta, beraz, erraz aurkituko duzu zuretzat egokiena. Gogoan izan, oro har, 14 urtez azpiko haurrek ez dutela sarrera ordaintzen eta ikasleek, pentsiodunek, 65 urtez gorkoek eta langabetuek nahi dutena eta ahal dutena besterik ez dutela ordaindu behar (Zuk nahi duzuna tarifa). Asteazkenero, bisitari guztiei ezartzen zaie Zuk nahi duzuna tarifa hori. Hemen aurkituko duzu sarreren prezioei buruzko informazio osoa.

Artiumeko esperientziaz ahalik eta gehien goza dezazun nahi dugu eta, horregatik, mundu guztiarentzat hala izan dadin Museoan zauden bitartean bete beharreko arau sinple eta oinarrizko batzuk aurkituko dituzu hemen.

 

Bisita

Arte eta kultura garaikideekin lotutako esperientziak proposatzen dizkizu beti Artiumek, bere erakusketa programarekin eta jarduera-agendarekin lotutakoak, batik bat.

Interesgarria litzateke Artiumen arkitekturari buruz ere zertxobait gehiago ezagutzea. Izan ere, Museo honen espazio gehienak lur-zoruaren azpian daude, soto-museo bat da. Jakin ezazu gehiago eraikinari eta bertan modu iraunkorrean ikusgai dauden artelanei buruz.

Bisita gidatuak dira Museoa eta erakusketak ezagutzeko eta arte garaikidearen sekretuetan barneratzeko bitarteko onenak. Doako bisita gidatuen zerbitzu bat eskaintzen du Artiumek urte osoko asteazkenetan eta igandeetan. Udan bisita gehiago izaten dira. Kontsulta ezazu hemen doako bisita gidatuen oraingo programa.

Talde batekin bazatoz, nahi duzun egun eta ordurako bisita bat hitzartzeko aukera ere baduzu, Museoaren ordutegiaren eta egutegiaren barruan. Horretarako 945209023 telefono-zenbakira deitu behar duzu.

Bisita zure kabuz egin nahiago baduzu, bitartekaritza-tresna ugari dituzu Artiumen eskura: esku-paperak, audiogidak, miaketa-koadernoak eta jarduera-agendak. Guztiak Museoaren txartel-leihatilan eska ditzakezu. Laburpen-bideoak ere badituzu aretoetan bertan edota Vimeoko gure kanalean, eta, askotan, baita testuak ere, erakusketa-aretoetako hormetan, erakusketa bakoitzaren atal batzuk eta besteak beren testuinguruan kokatzeko.

Museoan gune asko dago bisitan zehar atseden hartzeko, batez ere haur txikiekin bazatoz. Eta udan, leku berezi eta desberdina: Artiumeko lorategia. Galdetu Museoko langileei atsedenleku horiek non dauden.

 

Artiumen bisita egiterakoan kontuan izan, mesedez

Artelanak ez dira ukitu behar, ondo gorde nahi baditugu.

Baimena duzu argazkiak egiteko edota bideoz grabatzeko, flashik, fokurik eta/edo tripoderik erabili gabe, emaitza zure erabilera hutserako baldin bada. Baina ez ahaztu artelanak jabetza intelektualaren arauek babesturik daudela.

Ikusmen arazoak dituzten pertsonak zakur-gidariekin sar daitezke Zentro-Museoan. Gainerako animaliak kanpoan geratuko dira.

Haurrak oso ongi etorriak dira Artiumera. Dena dela, heldu baten zaintzapean ibiliko dira beti. Zentro-Museoak haurrei zuzendutako jarduera bereziak antolatzen ditu askotan. Galdetu leihatilan.

Zentro-Museoak ahamen bat jateko bereziki prestatuko guneak ditu, kafetegia eta jatetxea barne. Mesedez, ez sartu janaririk ez edaririk erakusketa aretoetan.

Zure eta besteen osasunarengatik, eta baita legeak hala agintzen duelako ere, mesedez: ez erre Artiumen zauden bitartean.

Artiumek jantzitegi zerbitzua eskaintzen dizu. Batetik, zu erosoago ibil zaitezen, eta, bestetik, segurtasun arrazoiengatik, utzi jantzitegian aldean daramatzazun gauza handi guztiak: euritakoa, poltsak, motxilak, fardelak eta abar.

Artiumek laguntza eskatzen dizu, denon artean ahalik eta gehien goza dezagun Zentro-Museoko egonaldiaz: saia zaitez gainerako bisitariei ez eragozten eta itzali eskuko telefonoa erakusketa aretoetan sartzean.

Zalantzarik baduzu, galdetu aretoetako langileei. Pozik erantzungo dizute.

 

Eta alde egin aurretik…

Zoaz Museoko dendara eta eraman ezazu zure bisitaren oroigarri bat, opari berezi eta original bat, katalogo bat, agian, edota artelan baten edizio bat.

Cube-Artium jatetxe-kafetegian zerbait jan eta edan dezakezu, barran pintxo eder eta jangarriak izateaz gainera eguneroko menu bikain bat eskaintzen baita bertan.

Gogoan izan, azkenik, Artiumen jarduera eta erakusketei buruzko informazio osoa izan dezakezula une oro gizarte sareetan (Facebook-en, Twitter-en, Instagram-en, Youtube-n eta Vimeo-n aurkituko gaituzu, besteak beste), webgune honetan edota posta elektroniko bidezko hamabosteroko gure newsletter-aren harpide eginda.

This site uses cookies and similar technologies.

If you not change browser settings, you agree to it. Learn more

I understand