Berriak

Berriak

   Minimize

Erakusketen komisarioek eta museoaren arduradunek gidatutako bisitaldi berezien programa bat eskainiko du ARTIUMek

ekaina 04, 2012

Bisitaldiak uda osoan egingo dira, irailean  erakusketak bukatu baino lehen hobeto ezagutzeko aukera emateko
 

Bisitaldi gidatuen programa berezia komisarioen eta museoko arduradunen eskutik
Lehenengo bisitaldia: Alfredo Álvarez Plágaro. Plágaro. Daniel Castillejorekin, erakusketaren komisarioa
Ekainaren 7an, osteguna, 19:00etan
Toki mugatua. Zentro-Museoko sarrerarekin doan. Ikus itzazu tarifak
Argibideak eta erreserbak: 945 20 90 20
Argibide gehiago    Prentsa oharra (pdf)

ARTIUM, Vitoria-Gasteizko Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak, ikusgai dauden erakusketak hobeto ezagutzeko komisarioek eta museoko arduradunek egingo dituzten bisitaldi gidatu bereziei ekingo die ekainaren 7an, osteguna.Uda osoan, eta irailean erakusketak bukatutzat eman baino lehen, bisitariek zentro-museoan ikusgai dauden erakusketak gertutik ezagutzeko aukera izango dute. Bisitaldiak hilero egingo dira eta erakusketen komisario eta arduradunak izango dira gidari, bakoitzak erakusketa batean sakonduz. Bisitaldi gidatu hauen arteko lehenengoan Alfredo Alvarez Plágaro arabarraren Plágaro eta bere «margolan berdinen» inguruko xehetasunak ezagutuko dira; hurrengoetan, aldiz, Premiaren garaia, Ignasi Aballíren This Is Not The End, José Ramón Amondarainen Denbora eta premia eta Picassoren “Guernica”ren inguruko historia, oroimena eta interpretazioak liburutegiko erakusketa ikusiko dira. Bisitaldi hauek zentro-museoaren sarrerarekin doakoak izango diren arren, toki mugatua dela eta, erreserba egitea gomendatzen da.

ARTIUMen bisitariek erakusketak bere kabuz ikus ditzaketen arren, zentro-museoak - bere hamargarren urteurrena dela eta- hilero bertaratzen direnek orain dauden erakusketak hobeto ezagutu ditzaten komisarioek eta arduradunek gidatutako bisitaldi berezien programa bat antolatu du. Bisitaldi hauek artearen jarraitzaileei - eta oro har arte garaikideaz gehiago jakin nahi dutenei- zuzenduta daude eta helburua egun ikusgai dauden erakusketak adituen eskutik ezagutzea da. Horrela, parte hartzaileak 150 margolan berdinez inguratu ahal izango dira, eguneroko gertakizunez ohartu, Guernica-ren prozesuan murgildu, hura egin zen testuingurua hobeto ulertu, edota aukera honetarako lau espainiar artista garaikidek arte lan mitikoaren inguruan egin dituzten lanak ezagutu.

Bisitaldiak Daniel Castillejorekin eta Plágaro erakusketarekin hasiko dira ekainaren 7an, osteguna, eta abuztuaren bukaera arte jarraituko dute erakusketa bakoitzeko bi ibilbiderekin. Irailean erakusketa aretoak itxita egongo dira zentro-museoaren lehenengo hamar urteak ospatzeko urrian inauguratuko den Haritik tiraka ARTIUM Bildumaren erakusketa hirukoitza prestatzeko.

Daniel Castillejok, komisarioa eta ARTIUMen zuzendaria, Alfredo Álvarez Plágaroren lan ondu berriak erakutsiko ditu Plágaro-n. Artista arabarraren asmoa bakoiztasunaren ortodoxia, margolana objektu original bereizitzat jotzen duen ideia tradizionala zalantzan jartzea da. Horretarako margolan berdinen hainbat serie margotu ditu, eta serie bakoitzeko aleen kopuru handia da berezigarri nagusia. Plágarok arkitektura eta hutsaren eta dentsitatearen txandakatzea erabiltzen ditu ikusleak bisualki harrapatu eta, harridura giro batean, koadro errepikatuetan barrena eramateko.

Hurrengo hitzordua ekainaren 14an, osteguna, izango da Blanca de la Torre Premiaren garaia - Pepo Salazar, Cristina Lucas, Daniel García Andújar eta Pilar Albarracín artistena - erakusketaren komisarioarekin. Aukera honetarako lau espainiar artista garaikidek Malagako margolariaren larruan jartzeko eta alegiazko Guernica baten prestalana egiteko agindua jaso dute. Baina aginduak berezitasun bat du, oraingo honetan atze oihala gaur egungo gertakizunak edo egoerak dira. Horren emaitza lau proposamen elkarren guztiz desberdinak izan dira, baina oso ondo erakusten dituzte egile bakoitzaren berezitasunak; edonola ere, lauek kokatzen dute testuinguruan Picassoren margolanaren balio ikonikoa eta mitikoa.

Uztailean bisitaldiak Ignasi Aballiren This Is Not The End, eta Plágaro erakusketetara eta Picassoren «Guernica»ren inguruko historia, oroimena eta interpretazioak liburutegiaren erakusketara izango dira. Enrique Martinez, ARTIUM Bildumaren artatzaileak, This Is Not The End erakusketa aurkeztuko du uztailaren 5ean, osteguna. Ignasi Aballik lan egin berriak eta azken hamar urteetan egindako piezak biltzen ditu, gehienak bere serie zabalagoko aleak dira. Guztietan denboraren, ikusezinaren, kolorearen, zinemaren, literaturaren eta irudiaren eta hizkuntzaren arteko harremanaren inguruan artista kataluniarrak duen interesa nabarmentzen da. Bisitariari itxurez gaindi begiratzeko esperientzia proposatzen zaio, lerro artean irakurtzekoa, ikusten dena baino harago bilatzekoa

Bestalde, Liburutegi eta Dokumentazio Saileko arduraduna, Elena Roserasek uztailaren 12an Picassoren «Guernica»ren inguruko historia, oroimena eta interpretazioak liburutegiaren erakusketa aurkeztuko du. Liburu, aldizkari, bideo eta musikaren bidez, Picassoren lanean sakonduko da ikuspuntu estetiko eta historiko batetik. Bertan, margolanaren jatorria, bere forma plastikoa, Paristik New Yorkera edo ondoren Madrilera eraman zuen abentura jasotzen dira.

Udaldia bukatzeko, Blanca de la Torre eta Daniel Castillejo komisarioek Premiaren garaiak eta Denbora eta premia (Guernica) erakusketei bisitaldiak egingo dituzte, hurrenez hurren. Azken erakusketa honek Gernikaren bonbardaketaren eta xx. mendeko margolan enblematikoa egitearen 75. urteurrena betetzearekin batera egin da. José Ramón Amondarainek margolanaren egikeraren prozesua zortzi etapatan, zortzi oihal handitan aletu du, Dora Maar argazkilariak lanaren bilakaera dokumentatzeko egindako argazkiak erabiliz. Erakusketa kronologikoki erakusteko diseinatu da, eta bilakaera horren pausoak batzuk besteetatik bereizirik kokatu dira, horrela bisitariak bata bestearen ondoren aurkituko ditu zortzi oihalak, eta margolanaren bilakaeran sartuko da, hala intelektualki nola emozionalki. 

Aldi berean, hilero artearen jarraitzaileek arte garaikideko museo baten funtzionamendua hobeto ezagutzeko Museoaren barrualdea deituriko bisitaldi gidatu berezien programa bat osatu du ARTIUMek. Bisitaldiak ekainaren 21an, osteguna, jarraituko dute José Ramón Angulorekin azpiegiturak ezagutuz. Bisitariek ARTIUM moduko «eraikin adimendu» baten instalazio teknikoak zeintzuk diren jakingo dute.

Gainera, zentro-museoak asteazkenero eta igandero egiten diren bisitaldi gidatuen eta hilero egiten den Gasteiz Garaikideak programekin jarraituko du. Jarduera hau Montehermoso Kulturgunearekin batera egiten da eta bisitaldiak bi zentroetara eta Trayecto Galeriara egiten dira.
 

Volver al listado

Text/HTML

   Minimize

Youtube

 

Categorías

    Berriak Time

       Minimize
    Share |