Berriak

Berriak

   Minimize

Bookcrossing, jendaurreko irakuraldia, piano eta poesia errezitaldia, eta liburu erakusketa ARTIUMen Liburuen Nazioarteko Eguna ospatzeko

apirila 19, 2012

Historia, oroimena eta interpretazioak erakusketak Guernica-ren ikuspegi estetiko eta historiko bat eskaintzen du, liburuak, argitalpenak, bideoak eta musika oinarri harturik
 

Liburuen Nazioarteko Eguna ARTIUMen
Apirilaren 20an, ostirala, 12.00etatik 21:30era
Arte eta kultura garaikideei buruzko testuen etengabeko irakurraldia, bookcrossing eta poesia eta piano errezitaldia
Liburu erakusketa: Picassoren Guernica: historia, oroimena eta interpretazioak
Doako jarduera. Argibide gehiago   Erakusketaren web gunea    Prentsa oharra (pdf)

ARTIUM, Vitoria-Gasteizko Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoak arte eta kultura garaikideekin zerikusia duten jendaurreko etengabeko irakurraldi bat, Pablo Picassoren Guernica-ren inguruko liburu erakusketa bat, eta poesia eta musika errezitaldi bat —Michel Gaztambide eta Karmelo Iribarren idazleekin eta Joserra Senperena piano jolearekin— biltzen dituen programa batekin ospatuko du datorren ostiralean, apirilak 20, Liburuen Nazioarteko Eguna. Gainera, seigarren urtez jarraian ARTIUMen Liburutegiak art-bookcrossing delakoa sustatuko du, arteari, argazkilaritzari eta arkitekturari buruzko 100 liburu Vitoria-Gasteizko toki enblematikoetan «askatuz». Aurten nazioko eta nazioarteko 70 museok bat egin dute ekimen honekin.

ARTIUMek Nazioarteko Liburuen Eguna ospatzeko antolatu dituen jarduerak ostiralean hasiko dira, apirilak 20, goizean goiz arteari, argazkilaritzari eta arkitekturari buruzko 100 liburu «askatuz». Liburu horiek behar bezala identifikaturik eta erregistraturik egongo dira eta Arabako hainbat tokitan banatuko dira, Unibertsitateko campusean, Vitoria-Gasteizko tranbiaren geltokietan eta lurralde osoko kirol eta ostalaritza zentroetan, besteak beste. Esperientzia honetan parte hartu nahi izanez gero, liburu bakoitzaren azalean eta barruan dauden eranskailuetako jarraibideak bete behar dira. «Hiru erreen» araua betetzen badira —ingelesezko irakurri (reed), erregistratu (register) eta askatu (release) dagozkienak—, liburu bakoitzaren nondik norakoaren berri izan daiteke www.bookcrossing–spain.com orrian. Aurreko aldietan Parisen, Erroman, New Yorken eta Kairon aurkitu izan dira ARTIUMek «askatutako» liburuak.

ARTIUMen Liburutegiak bookcrossing ekimen hau sustatzen duen seigarren aldia da. 2007. Urtean abiaturik, 2009an hogei bat museo eta arte zentrotako liburutegiei luzatu zitzaien proposamena eta 2012an 70 izango dira esperientzia honetan parte hartuko duten nazioko eta nazioarteko erakundeak: Montehermoso Kulturunea, San Telmo Museoa, Arteleku eta Chillidaleku Euskadin, CCBB, MACBA Bartzelonako Tàpies Fundazioa, Madrilgo Casa Encendida, CGAC eta MARCO Galizian, Leongo MUSAC… Aurten ondokoak gehitu dira parte hartzaileen zerrendara: Londresko Victoria and Albert Museum eta National Art Library, Estatu Batuetako Newark Museum, New Delhiko Nehru Unibertsitateko Liburutegia eta Cervantes Institutuaren Kairoko, Tel Aviveko eta Parisko egoitzak.

Erakusketa eta irakurraldia

Bookcrossing abian jarri ondoren, ARTIUMek antolatu duen programak Picassoren Guernica: historia, oroimena eta interpretazioak izeneko liburu erakusketaren inaugurazioarekin jarraituko du. Liburu, aldizkari, bideo eta musikaren bidez Picassoren lanean sakontzen da ikuspuntu estetiko eta historiko batetik. Margolanaren jatorria, bere forma plastikoak, Paristik New Yorkera eta ondoren Madrilera eraman zuen abentura… hori guztia jasotzen da liburu erakusketa hau osatzen duten elementu ugarietan, guztiak ARTIUMen ondare dokumental trinkokoak.

Erakusketa hau ARTIUMek antolatu dituen liburu erakusketa sorta luze baten jarraipena da, gainera, ARTIUMen Liburutegiaren funtsak ezagutzera emateko baina, bereziki, liburutegiaren helburuak, dokumentazio eta kultura garaikidearen ondare dokumentala zabaltzeko zentro den aldetik. Biltzen dituen gaiak, arte plastikoak, arkitektura, argazkilaritza, zinema, musika eta komikiak dira, besteak beste. Erakusketa honen aurretik, grafitiari (Grafitiaren bidez. Hormatik liburuetara), eduki erotikoko liburuei (Eros, irakurtzearen atsegina), haur liburuen ilustrazioari (Irudikatutako ipuinak), argazki-kazetaritzari (Objektiboak harrapatutako errealitatea)… buruzkoak egin dira, eta azkenekoa Araba, arte garaikidearen agertokia izan da.

Bestalde, ARTIUMen Liburutegiak arte eta kultura garaikideekin lotutako testuen jendaurreko eta etengabeko irakurraldia antolatu du, azken urteetan parte-hartze handiarekin egin izan dena. Hautatutako testuen irakurketa 12.00etan hasiko da eta 19.00ak arte luzatuko da. Deialdi irekia da eta parte hartu nahi izanez gero ordua aukera daiteke biblioteca@artium.org helbidera mezu elektroniko bat bidaliz. Bertan norberari gehien komeni zaion tartea adieraziko da —ordu erdiz ordu erdi, 12.00etatik 12.30 era, 12.30etik 13.00etara…—, eta gainera, nahi izanez gero norberak aukeratutako testu bat ekartzea egongo da. Bestela, Liburutegian Guernica-rekin lotutako testu sorta bat aukeratu da, eta hori izango da hari gidaria egun osoan zehar.

Musika eta poesia errezitaldia

Liburuen Nazioarteko Egunaren ospakizuna amaitzeko musika eta poesia errezitaldi bat eskainiko dute ARTIUMen Michel Gaztambide eta Karmelo Iribarren poetek eta Joserra Senperena musikagile eta piano joleak. Pelikuletarako gidoien egile gisa ezagunagoa bada ere —Julio Medem-ek zuzendutako Vacas, La Caja 507, La vida mancha eta, bereziki, No habrá paz para los malvados, azken hirurak Enrique Urbizurenak—, Gaztambidek poema liburuak ere argitaratu ditu, besteak beste, Las aventuras de Máximo Tiratti, Banderín de perversión, Ternura blindada eta duela gutxi plazaratu den Moscas en los incunables. Karmelo Iribarren berriz gaur egungo poeta emankorrenetakoa da. 1995. Urtean La condición urbana argitaratu zutenetik duela gutxi kaleratu den Seguro que esta historia te suena. Poesía completa (1985-2012) aleraino, poema liburu ugari plazartatu ditu Iribarrenek, eta taldeko antologietan ere bere poema asko agertu dira. Azkenik, Joserra Senperenaren ibilbidea 1990ean hasi zen piano jole gisa 21 Japonesas taldearekin, eta harrezkeroehun disko ingurutan parte hartu du eta talde eta kantari askoren itzulietan: Duncan Dhu, Piratas, Coque Malla, Bide Ertzean, Jesús Cifuentes, Imanol, Quique González, La Buena Vida, Fito y Fitipaldis…
 

Volver al listado

Text/HTML

   Minimize

Youtube

 

Categorías

    Berriak Time

       Minimize
    Share |