Eraikinari buruz

ARTIUM Vitoria-Gasteizen erdian kokaturik dago, Erdi Aroko hirigunearen eta ekonomikoki eta sozialki dinamikoen diren guneen ondoan. Museoak, gainera, kultura-ardatz bat osatzen du Montehermoso Kulturunearekin eta Hirigune Historikoan kokaturik dauden gainerako museoekin batera (Karta Museoa, Arkeologia Museoa, Natur Zientzien Museoa).

Museoak espazio trapezoidala betetzen du, ia angeluzuzena, Frantzia, La Paloma, La Esperanza eta Prudencio María Verástegui kaleek mugaturik. Toki horretan José Luis Catón arkitektoak erabilera publikoko espazio zabal bat sortzea erabaki zuen, XVIII. Mendean Plaza Berriarekin eta Probintziako Plazarekin gertatu zen bezala biztanleria sarria zuen inguru batean gizartearen eta hirigintzaren lasaialdirako izan zedin.

Bestalde, eremu publiko zabal honek Bildumako lan funtsezkoenetako batzuk erakusteko aukera ematen dio Artiumi. Paseoan dabilenak, XX. mendeko hiru artista handienetakoen eskultura bana aurkituko ditu, etengabeko elkarrizketan: Finkl Octagon (Richard Serra, 1991), Mirador mirando (Jorge Oteiza, 1958) eta Elogio de la Arquitectura XIV (Eduardo Chillida, 1994). Plazan daude, gainera, Vicente Larrearen lan bikain bat (Broca kenkenes, 1976) eta Miquel Navarroren eskultura erraldoi bat (La mirada, 2001) ere. Artiumek artelan hauei buruzko argitalpen bat taxutu du, linean ere ikus daitekeena (flash-en eta pdf-en)

Eraikina plaza horren inguruan eta azpitik antolaturik dago: upeltegi batean bezala, espazioen zati handi bat azaleraren azpian aurkitzen da. Mendebaldean, kubo zuri handi batean museoko sarrera nagusia eta espazio eta zerbitzu osagarriak daude: atari nagusia, Emanaldi Aretoa, Plaza Aretoa, Museoko denda, Cube Jatetxea eta txartel-lehiatila eta kontsigna, besteak beste.

Atari nagusian Joan Miróren eta Llorens Artigasen zeramikazko mural bat eta Javier Pérezen Zeru zati kristaldua eskultura monumentala aurkitzen dira. Lurzoruaren mailatik zazpi metro jaitsita museoaren Atari aretoa dago. Anabel Quincoces artistak Water Flames (flowing) lana egin du espazio horretarako. Beira puztuzko piezak osatutako eskultura multzoa da, eta bere tonu urdin eta berdeek itsas ondoa dakarte gogora. Espazio horren eskuinean eta ezkerrean, Hegoa aretorako eta Iparra aretorako sarrerak. Biak plazaren azpian luzatzen dira eta beste bi erakusketa aretorekin lotzen dira: Ekialde-Behekoa eta Ekialde-Goikoa aretoekin, halako “U” bat osatuz.

Ekialde-Behekoa eta Ekialde-Goikoa aretoen gainean, azaleran, plazaren trapezioa ixten duen granito grisezko eraikina altxatzen da. Bertan, lantegi didaktikoen eta teknologia berrien espazioak eta museoaren administrazio-zerbitzuak aurkitzen dira.  

 

Share |